Sansebastianak 2017

Festaren ajearentzat, festa gehiago

Uztarria.eus 2017ko urt. 21a, 19:02

Atzoko bandera jaistearekin bukatu zen sansebastianen ohiko zikloa. Aurten, ordea, gainean zen asteburuari ere zukua ateratzea erabaki dute Udalak eta beste zenbait eragilek, festak bi egun luzatuz. Horrenbestez, festaren ajea festa giroan pasatzeko aukera ez da falta gaur, zapatua, Azpeitian. Familia giroan ibiltzeko eta bereziki umeentzat pentsatutako bi egitasmok bete dute arratsaldea: goizetik ere lanean aritu den txu-txu trenak, eta plazan jarri dituzten haurrentzako puzgarri eta jolasek. Gauean, berriz, Sanagustin kulturgunean piztuko da festa, Willis Drummond eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldeen kontzertuekin.

Jairako, zezena

Bihar, berriz, eguerdiz eta arratsaldez zezenak hartuko du pisua festa egitarauan. 12:00etan, sokako zezen txikiak Erdikaletik plazarako ibilbidea osatuko du; ondoren, plazan bertan, zezen txikiak eta poniak aterako dituzte. 16:30ean, berriz, sokamuturraren txanda iritsiko da, eta harekin bukatuko dira 2017ko sansebastianak.