Izaskun Egigurenek irabazi du Irudhitzen lehiaketako testuen atala

Uztarria.eus 2016ko abe. 27a, 14:34

Irudien ataleko argazki sarituari ipini dion testuarekin irabazi du Egigurenek idatzizko lehiaketa, eta 150 euroko saria eskuratuko du. 

Irudhitzen lehiaketako testuen ataleko epaimahaiak hala erabakita, Izaskun Egigurenek irabazi du lehiaketa. Gaur, abenduak 27, jakinarazi dute epaia Anartz Izagirrek, Izaro Zinkunegik eta Alaitz Olaizolak. Egigurenek irudien atala irabazi zuen argazkiari jarritako testua da epaimahaikideek aukeratu dutena, eta horrenbestez, 150 euroko saria eskuratuko du Izaskun Egigurenek.

Honakoa da testua:

Behetik gora begiratuz gero,

trapuzten gaituzten koloreez

zintzilik geratuko gara;

berde, hori, arroxa, hori...

Karnabaletako pintzetaz harrapatuta;

atera balkoira koloreak,

atera kalera trapuz jantziak,

ta pintzaz eutsi arima lotsaraziak!

Beste hamaika irudiei ere jarri dizkiete hitzak, eta honako hauen testuak dira epai-mahaiak aukeratu dituztenak: Ainhoa Odriozola, Jon Gurrutxaga, Jokin Salegi, Erik Aznal, Amaia San Vicente, Ihintza Elustondo, Leire izagirre eta Egoitz Arruti; Izaskun Egigurenen eta Jon Gurrutxagaren bina testu aukeratu dituzte egutegirako. 

Urtarrilean banatuko du Irudhitzen lehiaketara aurkeztutako irudiekin eta testuekin osatutako egutegia Uztarria Komunikazio Taldeak. Irudhitzenek izan duen parte-hatzea ikusita, hurrengo urtean ere lehiaketa martxan jartzeko asmoa du Uztarriak, eta webgunean bertan emango du horren berri.