Azoka Herritik, herria auzoetatik: badator Sanjuandegiko azoka!

Erabiltzailearen aurpegia Azoka Herritik 2016ko abe. 5a, 17:40

Abenduaren 16an eta 17an, ostirala eta zapatua, izango da aurtengoa. Gaztetxoentzako ekitaldiak, pintxo-poteoa eta musika izango dira lehen egunean, eta azoka egingo da bigarrenean: artisauak, baserritarrak, bigarren eskuko materiala, bertako dendak, herriko taldeen postuak, jan-edaneko postuak... eta horien bueltan ere ez dira musika eta bestelakoak faltako.

Bueltan gara beste urtez batez auzoko plaza kolorez, umorez, artelanez, elkartasunez eta goxotasunez betetzeko. Neguko egun hotzari berotasuna ematera gatoz. Eta nola ez, elkarlanean, txikitasunean eta herrigintza sustatuz.

Eguneroko lana plazaren bueltan jarriko dugu. Zurekin, elkarrekin, gozatzeko, entzuteko, dastatzeko, erosteko eta elkarbanatzeko.

Herritar askoren parte-hartzeak eta lanak egiten du azoka posible. Herrian bizi, kontsumitu, lan egin eta gozatzeko modu berriak sortzen dihardugu guztion artean, eta horren isla izango da abenduaren 16 eta 17an egingo den Sanjuandegiko azoka.

Urtero bezala, ez da ezer faltako. Ostiralean emango diogu hasiera haur eta gaztetxoentzako ekitaldiekin. Alde batetik, Plazatarrak ekimena izango dugu, sukaldaritza tailerrarekin; eta, bestetik, Maider ipuin kontalaria, ludotekan. Ondoren, trikiti eta alboka kalejirarekin batera auzoko tabernetan pintxo-poteoa egongo da. Eta, ostiralekoak amaitzeko, Ane Juradoren eta Xabi Arrietaren kontzertua, barruak goxatzeko.

Larunbata izango da egun handia. Goizean goiztik auzoko plazari itxura aldatuko diogu eta 10:00etarako prest izango dugu azoka. Bertan, urtero bezala, artisauak, baserritarrak, bigarren eskuko materiala, bertako dendak, herriko taldeen postuak, jan-edaneko postuak... aurkituko ditugu. Ondoren, Azpeitiko Argazki Elkartekoen argazki estudioa eta material berrerabilgarrien tailerrak izango ditugu. Egunari amaiera emateko, berriz, Metal Boskotearen kontzertua.

Atera agendak, badator Azoka Herritik! Gorde zita.