Ekain Ibarguren: "Nire ikuskizuna Euskal Herrian ikustera ohituta gaudenetatik oso ezberdina da"

Uztarria.eus 2016ko urr. 28a, 14:12
Ekain Ibarguren. (IƱigo Dominguez)

Bihar, zapatua, 16:30ean, Sanagustin kulturguneko oholtzara igoko da Ekain Ibarguren, bertaratzen direnei Ekain Txou ikuskizuna eskaintzeko. Ez da herrian emanaldi bat eskainiko duen aurreneko aldia, baina biharkoa ikuskizun berria da, eta horren inguruan berriketan aritu da Uztarria.eus Ibargurenekin. 

Ikuskizun berria da biharkoa. Sanagustin kulturgunera hurbiltzen direnek zerekin egingo dute topo?

Emanaldi berria da, bai, baina herritarrek ikuskizun honen zatiak ikusteko aukera izan dute dagoeneko. Hala ere, ikuskizuna osorik ez dut inoiz eskaini Azpeitian.

Zerk egiten du berezi Ekain Txou ikuskizuna?

Nire ikuskizuna Euskal Herrian ikustera ohituta gaudenetatik oso ezberdina dela. Ez da haurrei zuzendutako ikuskizun bat. Hobeto esanda, 3 urtetik 100 urtera arteko haurrei zuzendutakoa da. 

Publikoak hartuko al du parte ikuskizunean?

Noski baietz! Publikoa ezinbestekoa da, beraiekin jolasten dut. Baina ez dadila inor beldurtu, ez baitut inor torturatzen jende aurrean. Gainera, "ridikuluak" ez du sekula inor hil. 

Zein aurreikuspen dituzu?

Egia esan, beldur naiz ez ote den nahikoa jende etorriko. Egun aldrebesa da. Ardo eguna, kros mixtoa, zubia... Baina argi daukat etortzen direnak gutxi badira ere ondo pasatuko dutela.

Zer esango zenioke herritarrei Ekain Txou ikustera joateko?

Ez dela Le Grand Cirque Du Soleil, baina ikuskizun ederra dela nahiz eta sinplea izan. Gainera, sarrerak merkeak dira; 3 euro ez da ezer. Frantzia, Italia, Errusia edo Dinamarkako edozein herritan ikuskizun bera 30 eurotan jarri eta aretoa beteko litzateke. Beraz, ez gaitezen tontoak izan eta prezioarena ez dadila aitzakia izan. Hala ere, norbaitek argi badauka ez duela joaterik nahi, ez dadila joan. Berdin maiteko dut.