Kirola eta kirolarien kalitatea hobetzeko formazio saioak antolatu ditu Udalak, Kirol Mahaiarekin elkarlanean

Uztarria.eus 2016ko urr. 21a, 12:30

Kirol Mahaiarekin bildu ostean, bi formazio lerro irekitzea erabaki du Udalak: kirol mahaiko kideentzako ikastaroak, eurekin adostutako gaiekin, eta herritar ororentzako saioak. Azken horietan gai orokorragoak landuko dituzte.

Kirolaren eta ariketa fisikoaren esparruan herritar ugari aritzen dira Azpeitian. "Horren garrantziaz jabetuta", eremu horretan hezkuntza eta formazioa "ezinbestekoa" dela uste du Azpeitiko Udalak. Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak adierazi duenez, "adin, izaera eta bilakaera ezberdinetako herritarrek egiten dute kirola edo ariketa fisikoa, eta guztietan dago zer hobetua eta zer ikasia. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu kirolaren eremuan osasuna, segurtasuna, praktika zuzenak eta jarrera egokiak lantzea, eta horretarako adituen hitzaldiak eta  ikastaroak ezinbestekoak direla uste dugu". Diagnosi horrekin bat egiten du Azpeitiko Kirola Mahaiak ere, eta horregatik, azken hilabeteetan gai hori jorratzen aritu dira Udala eta Kirol Mahaia hainbat bileratan. 

Batzar horietan ateratako ondorioak kontuan hartuta, bi formazio lerro irekitzea erabaki du Udalak: kirol mahaiko kideentzako ikastaroak, eurekin adostutako gaiekin, eta herritar ororentzako saioak. Azken horietan gai orokorragoak landuko dituzte. Saio guztiak irekiak eta doan izango dira.

Kirol Mahaiko kideek hala lehenetsita, bi ikastaro egingo dituzte urtea amaitu aurretik. Alde batetik, bihotz biriken suspertze eta kanpo desfibrigailuen inguruko tailer praktikoa egingo dute. Kirol taldeentzako kideentzat izango da ikastaroa, bi ordukoa, eta DYAko adituek emango dute, larrialdi egoeretan nola jokatu aztertzeko.

Bestetik, Azpeitiko kirol arloan emakume eta gizonen berdintasunari buruzko formazio saioa egingo dute. Ikastaro hori Abento Asesoriak, sexu berdintasunean adituak diren taldeak, emango du, eta bertan jorratuko diren gaiak honakoak izango dira:

  • Egungo egoera. Legedia eta erakundeek hartutako neurriak. 
  • Kirol federatuan neskek edota emakumeek parte ez hartzeko 
  • arrazoiak. 
  • Kirol elkarteetara neskak erakartzeko eta bertan geratzeko hartu daitezkeen neurriak. 
  • Beste herrietan egiten ari diren ekintzen adibideak. Praktika egokiak eta arrakastak.

Saioa hori azaroaren 16an izango da. Udaletxean egingo dute, eta bi ordu iraungo du. Saio irekia izango da, eta herritar orok har dezake parte. 

Gai orokorragoak lantzeko saioak

Kirola, osasuna, eta praktika onak lotzen dituzten aldian aldiko gaien inguruko saioak ere antolatuko ditu Udalak. Horiek bi edo hiru hilean behin egingo dituzte, eta saioak irekiak izango dira. Hau da, edonork har dezake parte. Saio horiek igerilekuan eskainiko dituzte.

Aurreneko saioa hurrengo ostegunean, urriaren 27an, izango da, Elikadura kirolean; erresistentzia probak izenburupean. Bertan, maratoi erdia edo bestelako erresistentzia probetarako dieta, hidratazio eta suplementazioaz hitz egingo dute, 20:00etan hasita. Saio praktikoa izango da, eta ordubete inguruko iraupena izango du. Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatuko du saioa.

Udalaren asmoa da bi edo hiru hilabetero saio ezberdinak antolatzea, beti ere kirola eta ariketa fisikoa egiten duten herritarrei lagungarri eta erabilgarri izateko helburuarekin. Estitxu Elduaienek azaldu duenez, "saioetarako gaiak kirol mahaian eta bestelako eragileekin landu eta erabakiko ditugu, elkarlanean. Asmoa da ahalik eta esparru eta eremu gehienetara iristea, beti ere, kirola, osasuna eta praktika egokiak sustatzeko, bai norbanako eta bai kirol taldeetan ere".