Urola Ikastolaren atarian ustez terrorismoa goratu izana aztertzeko diligentziak zabaldu ditu Pedraz epaileak

Uztarria.eus 2016ko urr. 20a, 12:12

Gudari Egunean Azpeitiko Urola Ikastolaren atarian ustez terrorismoa goratu eta biktimak umiliatu zituztela eta, Espainiako Auzitegi Nazionalean salaketa jarriko zuela iragarri zuen Terrorismoaren biktimen EAEko elkarteak. Orain, terrorismoa goratu zen ala ez ikertzeko diligentziak zabaldu ditu Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak, eta gertatutakoaren gaineko txosten bat egiteko eskatu dio Ertzaintzari.

Joan den irailaren 29an, Gudari Egunean, Urola Ikastola Azkoiti-Azpeitia BHIn terrorismoa goratu eta biktimak iraindu ote zituzten ikertzeko diligentziak zabaldu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak. Gudari Egunean gertatutakoa aztertzeko txosten bat egiteko eskatu dio Pedrazak Ertzaintzari.

Covite EAEko terrorismoaren biktimen elkarteak Espainiako Auzitegi Nazionalean salaketa jarriko zuela jakinarazi zuen urriaren 5ean, Azpeitiko Urola Ikastolaren atarian ustez terrorismoa goratu eta biktimak umiliatu zituztela eta. Gudari Egunaren harira "ikastetxearen sarreran ETAko hiru kide omendu" zituztelako jarriko zuen salaketa Covitek; Pedro Mari Isart Pelitxo eta Angel Otaegi aipatu zituen Covitek.

Gertatutakoaren berri ikasleen gurasoen bidez jakin dutela ere azaldu zuen EAEko terrorismoaren biktimen elkarteak, eta haren arabera, gurasoek euren "babesgabetasuna" adierazi zieten, "umeek ETAko presoen aldeko manifestazioetara joateko etengabeko presioak jasotzen" dituztelako.

Bide penaletik jarri zuen salaketa Covitek, "dagokion ikerketa zabaltzeko, gertatutakoa argitzeko eta delituaren arrastoa jarraitzeko".