Grand Prixean bildutako 6.000 euro Aspanogi elkarteari eman dizkio Zezen Beltzek

Uztarria.eus 2016ko urr. 15a, 21:06

Azpeitiko zezen plaza ia goraino bete da gaur, urriak 15, arratsaldean, VIII. Zezen Beltz asteburuko Gran Prixean. Lau taldeak hartu dute parte jolasetan: Azpeitiak, Azkoitiak, Aspanogik eta Zezen Beltzek, eta 2.000 lagunetik gora hurbildu dira zezen plazara, jolasak ikusi eta giro ederrean arratsaldea pasatzera. 17:00etan hasi dira jolasak eta ordu eta erdi inguruz hainbat proba egin dituzte parte-hartzaileek. Ondoren, haur eta gaztetxoentzat zezen txikiak izan dira zezen plazan.

Aurtengo Grand Prixa berezia izan da. Izan ere, solidarioa izanik, sarrerekin lortutako dirua Aspanogi minbizia duten haurren gurasoen Gipuzkoako elkarteari eman dio Zezen Beltz Elkarteak, 6.000 euro hain zuzen. Horrez gain, beste urteetan ez bezala, aurtengoan jolasetan parte hartu duten lau taldeak izan dira irabazleak. 

Bihar, igandea, jarraituko dute VIII. Zezen Beltz astebururako prestatutako egitasmoekin. Hemen biharko egitaraua: 

Urriak 16, igandea

12:30. Sokamutur txikia, Erdikaletik plazara. Ondoren, zezen txikiak eta poniak plazan
bertan.

12:30. Txahal sahieski eta oilasko erretzea, plazan. Horien pintxoak dastatu ahal izango dira, eta musikaz alaituko dute giroa.

17:00. Helduen entzierroa Artzubitik plazara, eta buelta. Ondoren, zezen bolaztatuak Artzubia kalean.