Atzegizaleen "keinu txikiak" eskertu eta aitortu ditu ATZEGIk

Uztarria.eus 2016ko urr. 12a, 11:39

ATZEGIk, adimen desgaitasuna duten pertsonen familien Gipuzkoako elkarteak, urteko sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan, KaleAtzegizale lelopean. Atzo, asteartea, Azpeitian eman zuten kanpainaren berri ATZEGIko hainbat kidek. Horiek azaldu zutenez, "aurtengo kanpainaren bitartez, euren jarrera aitortu eta eskertu nahi zaie modu anonimoan adimen desgaitasuna duten pertsonen egunerokoa errazago egiten duten pertsonei". 

Adimen desgaitasuna duten pertsonekin harremantzeko moduak "berebiziko garrantzia" duela gogorazi zuten ATZEGIko kideek: "Eguneroko keinu txiki horiek (agurtu, hitz egin, irri egin, euren egunerokoagatik galdetu), desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatean duten balio azpimarratu nahi dugu. Asko eta asko dira gure inguruan jarrera positiboa dutenak, baina sarritan ez dira konturatzen jokaera atzegizale horrek duen garrantziaz". Horrez gain, "gizarte aldaketa" bat ematen ari dela esan zuten, eta atzegizaleen keinu txikiei esker "gizarte hobeagoa, helduagoa eta maitagarriagoa" lortzen ari direla adierazi zuten.

Aurtengo kanpainan euskarri ezberdinak erabili ditu ATZEGIk: kartelak, bideoak, eskertze eskuorriak eta txapak, besteak beste. KaleAtzegizale lelopean sortu dute material guztia, eta azaldu zutenez, "euskarrietan modu argian azaltzen da atzegizale jarrera izatea eta ez izatearen arteko aldea zein den". 

Gipuzkoako 2.141 familia dira ATZEGIko bazkide, eta adimen desgaitasuna duten 2.236 pertsona ordezkatzen dituzte. Aldiz, elkartea ekonomikoki laguntzen dute 2.625 kolaboratzailek, eta 9.694 pertsona dira atzegizaleak ATZEGIren datuen arabera. Urola Erdian, berriz, 95 familia dira ATZEGIko bazkide, 54 kolaboratzailek laguntzen dute elkartea diruz eta 792  pertsona dira atzegizaleak.