Zarataren neurketak egiten ari da Udala

Uztarria.eus 2016ko ira. 29a, 20:12
Udaletxeko balkoian jarri dute sonometroetako bat. (Azpeitiko Udala)

Herriko hamalau gunetan jarri dituzte neurgailuak eta, "batez ere", gaueko zarata da neurtzen ari direna, "jasotako hainbat kexari irtenbidea emateko asmoz".

Zarataren neurketak egiten ari da Udala herriko hainbat gunetan azken asteotan, irail hasieratik. Udalak berak egina duen herriko zarataren maparen ondorioetatik abiatuta ari dira egiten neurketak. Zarata mapa osatu zutenean, eremuka sailkatu zuten udalerria, eta eremu horien barruan ekintza planak garatzen ari dira orain.

"Mapa horretan trafikoren, industriaren eta trenaren zarataren neurketa egin behar izaten dira legez; baina hortik kanpo gelditzen dira, besteak beste, aisialdiak sortzen dituenak eta gauetakoak", azaldu du Udalak. Eta, hain zuzen ere, azken asteotan egiten ari diren neurketak "batez ere gaueko zarata neurtzeari" zuzenduta daudela jakinarazi dute, "Udalean jasotako hainbat kexari irtenbidea eman asmoz". Zehazki, herriko hamalau gunetan jarri dituzte zarata neurgailuak, sonometroak. "Sonometroek gune horietan sortzen diren dezibelioen neurketa egiten dute, ez da ezer grabatzen, neurketa bakarrik erregistratzen da", argitu du Udalak. Zutoinetan eta faroletan jarri dituzte, nagusiki, zarata neurtzeko gailu horiek.