Zauriak goxatzeko aitorpenak

Atzera begira jarri da gaur Azpeitia, ia 80 urte atzera aurrena, eta 60 bat urte atzera gero. Irailaren 23ko arratsaldean, bi aitorpen omenaldiren bueltan elkartu dira herritarrak: Espainiako Gerra Zibilaren ondorengo urte latzetan Azpeitiko kartzelan hildako zazpi preso errepublikarren memoria aitortzeko ekitaldian, anbulatorio aurrean; eta 1950eko eta 1960ko hamarkadetan espainiar estatuko hainbat herritatik Azpeitira etorritakoei esker ona agertzekoan, plazan.

Ahanzturaren kontra

Ahanzturaren kontra goiburua du gaurtik aurrera anbulatorioko sarrera nagusiaren ondoan egongo den plakak, eta zazpi izen nabarmenduta, orain osasun etxea zena kartzela zenean han hildako zazpi preso errepublikarrenak: Juan Casado Lorite, Francisco Delfa Fernandez, Francisca Galvez Vazquez, Luis Palomino Gutierrez, Juan Morales Artiles, Eusebia Delgado Perez eta Manuel Martin Martinez. Haietako biren senideak eta ingurukoak, Andaluziatik eta Kataluniatik etorritakoak, izan dira ekitaldiaren protagonista nagusiak. Erabat hunkituta, esker hitzak ahotan, Eusebia Delgado Perezen bi bilobak eta Manuel Martin Martinezen alabak hartu dute hitza omenaldian. "Hau izugarria da guretzat, ez daukagu azaltzeko hitzik", zioen beste senide batek bukaeran.

Hizlarien atrilean Andaluziako bandera -hangoak ziren Azpeitian egondako preso gehienak; udaletxeko balkoian ere bandera zuri-berdea jarri dute- eta ekitaldiafren bukaeran erakutsi duten plaka estaliz Espainiako Errepublikaren bandera jarrita zirela hartu dute hitza Eneko Etxeberria alkateak eta Javi Buces Aranzadiko historialariak ere. Etxeberriak ongietorria egin die lehenbizi hildako presoen senitartekoei, "ohorea eta plazerra da zuek hemen izatea", esan die. Gaurko ekitaldia tropa frankistak Azpeitian sartu zireneko 80. urteurrenaren bueltan antolatu dutela ekarri du gogora eta, batez ere, Azpeitiko kartzelan preso izan zituztenen memoria berreskuratzeko. "Pareta hauen atzean imajina daitekeen traturik txarrena jasan zuten hainbat lagunek, txakurrak bezala hartu zituzten. Hemen hil ziren eta haien ahotsa isildu zuten. Kondenarik ankerrena ezarri nahi izan zieten, ahanztura. Beraietaz inor ez gogoratzea nahi izan zuten, memoriatik ezabatzea nahi izan zuten. Baina, zorionez, denborak bakoitza bere lekuan jartzen du eta guk ez ditugu ahaztuko, gure onena zirelako, beren idealek onenak izatera eraman zituzten, eta inoiz ez zuten duintasuna galdu. Eta orduan beraien garrasiak inork entzun ez arren, 80 urteren buruan entzun egiten ditugu eta ozen gogoratzen ditugu. Eta konproometitzen gara inoiz ez direla ahaztuak izango", azpimarratu du. Joxean Artzek idatzi eta Mikel Laboak kantatutako Martxa baten lehen notak-en hitzak ere eskaini dizkie hildakoen senide eta lagunei, gaztelaniara itzulita.

Musikak eta poesiak bestela ere izan dute tartea ekitaldian; Iraia Bereziartuak biolinarekin ireki du, eta Kirmen Uribek gaurkorako espreski prestatutako poema bat irakurri du.

Zortzi abizen 'castellano'

Anbulatorio atarian hitza hartu dutenetako batzuek ordu eta erdi ondoren gauza bera egin dute plazan, gaur eta bihar Udalak antolatuta 1950-1960ko hamarkadetan espainiar estatuko hainbat herritatik Azpeitira etorritakoei egingo zaien omenaldi festaren hasieran. Hala egin du Eneko Etxeberriak, jardunaldiok bere garaian sortutako "zauriak goxatzeko" balio behar dutela gogoratuta.

Euskal dantzak eta flamenkoa uztartuta aurreskua dantzatu dute ekitaldiaren hasieran Amaia Gonzalezek eta Mikel Idiakezek. Haientzat izan dira ekitaldiko lehen txaloak. Zeremonia maisu lanak egin dituen Ruben Fernandezek ere jaso ditu bereak. Beste azpeitiar asko bezala, sustraiak Extremaduran dituen azpeitiarra dela gogoratu du Fernandezek, eta "zortzi abizen 'castellano'" dituela, azpeitiar gehienek ez bezala. Kirmen Uribek arratsaldeko bere bigarren poesia eskaini die plazan elkartutakoei. Jon Gurrutxagak eta Felipe Murillok bertsotan -euskaraz eta gaztelaniaz- eta kantuan -Iparragirre eta Machadoren hitzak zabalduz- ekitaldi bukaeran egin duten saioak berotu du giroa, Sanagustinpean prest zegoen luntxera bidean.

Gaur bertan dantza emanaldiak eta Kiko Venenok Sanagustinek emangu duen kontzertuak borobilduko dute eguna, eta bihar bazkari herrikoia izango da ekitaldi nagusia.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide