'Bakea gugandik eraikitzen' jardunaldiak izango dira urriaren 14an eta 15ean Azpeitian

Uztarria.eus 2016ko ira. 20a, 14:33
Ezkerretik eskubira: IƱaki Alegria, Itziar Salegi eta Eneko Etxeberria.

Sanagustin kulturgunean egingo dituzte topaketak. Jardunaldietan parte hartzeko izena eman daiteke dagoeneko www.ueu.eus webgunean.

Azpeitiko Udalak, UEUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Bakea gugandik eraikitzen. Egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermea jardunaldiak antolatu dituzte. Urriaren 14an eta 15ean izango dira jardunaldiak, Azpeitian, Sanagustin kulturgunean. Antolatzailek azaldu dutenez, topaketen helburua da "bakea eraikitzeko prozesuan sakondu eta gizartea eraldatzeko proposamenak lantzeko oinarriak jartzea".

Gaur, asteartea, aurkeztu dituzte jardunaldiak, eta bertan izan dira Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Iñaki Alegria UEUko zuzendaria eta Itziar Salegi jardunaldietako koordinatzailea. "Jardunaldi hauetan estatuko indarkeriaren biktimei omenaldi bat egin nahi diegu. Ahaztuak, isilduak eta umiliatuak izan dira 80 urte luzeetan. Urte ilunak eta gogorrak pasa dituzte. Duintasuna eta errespetua itzuli nahi diegu", adierazi du Salegik. Horrez gain, gazteen parte-hartzearen garrantzia azpimarratu du jardunaldien koordinatzaileak: "Gazteen begirada aldarrikatzen dugu. Zuen presentzia eskatzen dugu. Gazteak ezinbestekoak zarete bake prozesuan. Zuen parte-hartzea oso garrantzitsua da".

UEUko zuzendariak, aldiz, "eskerrak" eman dizkie Azpeitiko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari: "Gure helburua da jardunaldi hauek ikasteko, eztabaidatzeko, trukatzeko eta elkar aberasteko izatea. Bide horretan aurrera egiteko Azpeitiko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ezinbestekoa izan da, eta eskerrak eman behar dizkiegu bidelagun izateagatik". 

Izen-ematea zabalik

Jardunaldietan parte hartzeko izen ematea zabail da dagoeneko. Izena eman nahi dutenek www.ueu.eus webgunean egin beharko dute, eta 40 euro ordaindu beharko da izen-ematea. Ikasle, langabe eta erretiratuek, aldiz, 20 euro ordaindu beharko dute.