Saninazioak 2016

Eraso sexisten aurkako kanpaina jarri dute abian Udalak eta Marea Arroxak elkarlanean

Saninazioetan eraso sexistei "aurre hartzeko" hainbat neurri hartu dituzte, hiru lan lerrotan: Prebentzioa, arreta eta erantzuna. Helburua da herritarrek festez "libre eta seguru" gozatzea.

Azpeitiko Udalak eta Marea Arroxak, elkarlanean, saninazioetarako eraso sexisten aurkako kanpaina jarri dute abian. Herritarrek festez "libre eta seguru" gozatzea da helburua, eta eraso sexistarik gertatu ez dadin jarri dute kanpaina abian, baita halakorik gertatzekotan eman beharreko erantzuna zehazteko ere. 

Hiru norabidetan landu dute eraso sexisten aurkako kanpaina Udalak eta Marea Arroxak: prebentzioa, arreta eta erantzuna. Prebentzioari dagokionez, saninazioetako programarekin batera eskuorriak banatu dituzte, festak libre eta seguru ospatzeko deialdiarekin, era eraso sexisten aurrean nola jokatu aipatuz. Horrez gain, tabernari eta txosnetako zerbitzariekin formazio eta protokolo saio bat egin dutela azaldu dute, erasoen aurrean nola jokatu azaltzeko.

Arretari dagokionez, aurten lehen aldiz eraso sexisten inguruko informazio eta arreta gunea jarriko dute, Plaza Txikian. Bertan arreta eskaintzeaz gain, edozein zalantza argitzeko aukera egongo da, eta egunero izango da zabalik arratsaldetik goizaldera arte. Horrez gain, erasotuari laguntza eskainiko diote zerbitzu ezberdinetara joateko, erasotuak hala nahiko balu. Bestalde, erasotuaren erabakia eta iritzia "beti" errespetatuko direla azaldu dute, eta hark erabakiko duela zein prozedura jarraitu nahi duen. Horretarako informazio zehatza eskainiko diote. 

Bestalde, eraso guztiei "dagokioen erantzuna" emango zaiela azpimarratu dute. 

Udala kezkatuta

Azpeitiko Udalak "indarkeria sexistarik gabeko herria eraiki" nahi duela esan du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, eta horretarako urte osoan zehar lanean aritzen direla esan du, herriko hainbat eragilerekin. Azken boladan ematen ari den "eraso sexisten etengabeko olatua" ikusita kezkatuta daudela adierazi du Etxeberriak: "Kezkatuta gaude, eta guk ez dugu halakorik gertatzea nahi. Ez dugu inolaz eraso sexistarik onartuko, guztion eskubidea da festak libre eta seguru gozatzea".

Udalak "kezka berezia" duela azaldu du Etxeberriak, eta horrek "arreta berezia" merezi duela. Horregatik jarri dute abian kanpaina. "Erasoa gertatzen den kasuetan Udalak informazioa jasoko du, erasotutakoarekin eta bere familiarekin harremanetan jarriko da, eta erantzun egokia ematen saiatuko da", azaldu du Leire Etxaniz zinegotziak. 

Eraso sexistei eskularru gorria

Urteak dira eraso sexisten aurka kanpaina egiteko Marea Arroxak Txitximore supereroi feministaren irudia sortu zuenetik, eta aurten ere Txitximoreren mezua eraman dute kalera eta sarera eraso sexistei eskularru gorria lelopean. "Gure helburua da inolako eraso sexistarik ez gertatzea, ez festetan, ez inon. Horregatik dei egin nahi diegu herritarrei eraso sexisten aurrean irmoki erantzuteko, eta eraso sexistei eskularru gorriaz erantzuteko", azaldu dute Marea Arroxako kideek. 

Haujijijai festa batzordeak urteak daramatza eraso sexisten aurkako lanketa egiten. Aurten Udalarekin elkarlanean prestatu dute kanpaina, eta Udalak "benetan aitortu eta eskertu" die azken urteetan eraso sexistarik gabeko festen alde egindako "lan guztia".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide