Amagoia Gurrutxaga: "Argi dagoen gauza bakarra da kazetaritzak iraun egingo duela"

Amaia Gurrutxaga. (Eneritz Albizu)

Gizartea aldatzeko beharrak bultzatuta egin zuen Kristine Etxaluzek bere bizitza eta ibilbidea. Haren istorioak jasota irabazi du Gurrutxagak Rikardo Arregi sarietako aipamen berezia.

Rikardo Arregi sarietako epai-mahaiaren aipamen berezia jaso du Amagoia Gurrutxaga (Matxinbenta, 1971)Berriako kazetariak. Esparru askotan ekintzaile izandako Kristine Etxaluz (Domintxaine, Zuberoa, 1941) elkarrizketatu zuen sakon Gurrutxagak Jakin aldizkarirako, eta kazetariaren arabera, Etxaluzena da saria, bere izaera eta ibilbidea direlako lanaren mamia.

Zer garrantzia du zuretzat aitorpen horrek?

Sariak jasotzea beti da pozgarria. Kazetaritzari ez zaio ematen prestigio handirik, eta euskarazkoari oraindik eta gutxiago; baina sari honekin lortzen dugu euskarazko kazetaritzak urtean behin erdarazko hedabideetan ere oihartzuna izatea. Oso gogorra da oraindik Euskal Herriko hedabideen egoera; komunikabide askotan daude euskarazko prentsa edo baliabideak kontsultatzeko gai ez diren kazetariak. Jakinerako egin dudan elkarrizketa, esate baterako, ezingo dute ulertu herri honetako hedabideetan lan egiten duten politika saileko kazetari askok, hori aldatu beharra dago.

Zeuk aukeratutako pertsonaia izan zen Etxaluz?

Jakin aldizkariko Lorea Agirre zuzendariak proposatu zidan. Urtero egiten dute halako elkarrizketa luze bat, biografikoa; eta orain artean inoiz ez zioten egin emakume bati.

Elkarrizketa sakona da, denboraz eta mimoz egindakoa.

Bai. Hiruzpalau aldiz joan gara berarengana, eta sei edo zazpi ordu ditut grabatuta. Telefonoz eta Internet bidez ere harremana izan dugu, eta denbora dezente eskatu dit lanak. Oso esperientzia ona izan da, ordea, Etxaluz ezagutzea, bere bizitza pelikula bat bezalakoa baita.

Zer esango zenieke Etxaluzez elkarrizketa irakurri ez dutenei?

Ekintzaile bat izan zela: emakumeak bigarren planoan zeuden garaian, lehen planotik eragin zuen ekintzailea. Arlo guztietan jardun zuen: politika, gizartea, kultura, antzerkigintza… 68ko maiatzean Parisen zegoen, eta oso bertatik bizi izan zuen giro hura. Ondoren, saiakera egin zuen ikasitako guztia euskarara ekartzeko. Kartzelara sartu zuten Iparraldeko lehen ETAko militantea izan zen Etxaluz; eta ondoren jakin dut musa edo inspirazio iturri bat izan zela garai hartako gizon askorentzat. Hauteskundeetara ere aurkeztu zen. Emakume indartsua zen, etengabe lanean jardun zuena. Egiten zuen guztia gizartea aldatzeko egiten zuen.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide