Finantza alorrean euskara sustatzeko hitzarmena sinatu dute UEMAko udalerriek, Kutxabankek eta Laboral Kutxak

Uztarria.eus 2016ko uzt. 19a, 16:04
Eneko Etxeberria,

Euskararen erabilera bultzatzea eta hizkuntza sendotzea da helburua. Hartuko dituzten neurrien artean daude, besteak beste, UEMAko herrietara langile elebidunak bidaltzea eta horiek lehen hitza euskaraz egitea. Bost urterako sinatu dute hitzarmena. 

Euskarari bultzada emateko eta finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu dute gaur, uztailak 19, UEMAk, Kutxabankek, Laboral Kutxak eta udalerri euskaldunetako alkateek, Azpeitian.

Josu Labaka UEMAko lehendakariak adierazi duenez, "hitzarmenaren mamiak erakusten du euskararen aldeko hizkuntza politika ausarta". Horrez gain, hitzarmenean "erakunde publiko guztiek hizkuntza eskubideak bermatzeko hartu beharko lituzketen konpromisoak" ageri direla nabarmendu du Labakak, eta "jarrera eredugarria" dela. Bestalde, bi alde sinatzaileek, UEMAk eta finantza erakundeek, elkar babestu dutela azpimarratu du eta hizkuntzaren normalizazio horretara bidean elkarlana garrantzitsua dela esan du.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak ere hartu du hitza, eta "hitzarmenaren garrantzia" nabarmendu du. "Euskarak badu arazo bat, urte askotan bigarren mailako hizkuntza izan dela, eta hori horrela ez dela erakutsi nahi dugu. Euskara indartzea nahi dugu, baita arlo teknikoetan ere", adierazi du Etxeberriak.

Elkarren arteko harremanak euskaraz izango direla adostu dute akordioaren sinatzaileek, eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak martxan jarriko dituztela azaldu dute. Kutxabankek eta Laboral Kutxak, beraien aldetik, udalerri euskaldunetako beraien bulegoetan bezeroekin dituzten harremanetan euskararen presentzia bermatuko dutela esan dute. 

Helburu horiek betetzeko, honako neurriak hartuko dituzte: 

  • Kutxabank eta Laboral Kutxako bulegoetako langileak lan mota guztietan euskaraz jarduteko gai izango direla ziurtatuko dute. Helburu horretara bideratuko dira, bereziki, etengabeko trebakuntza eta laguntzarako tresna informatikoak. Era berean, bulego horietan eskaintzen dituzten zerbitzu guztietarako kontratatzen diren langile berriak, finkoak zein aldi baterakoak, elebidunak izango dira. 
  • Bezeroari ahoz lehen hitza euskaraz egingo zaio.
  • Bezeroari posta elektrikoz bidalitako informazioa euskaraz edo elebietan bidaliko zaio. Elebietan bidaliz gero, euskarak lehentasuna izango du. 
  • Bulegoetan bertan idatzitako dokumentuak euskaraz egongo dira berezoak kontrakoa ez badio. 
  • Bezeroentzako kreditu txartelak eta bestelako txartel guztiak, euskaraz sortuko dituzte, kontrakoa eskatzen dutenei izan ezik. 
  • Kutxazainetako pantailetan azaltzen diren sarrerako mezuak euskaraz izango dira.
  • Udalerri euskaldunetako jarriko dituzten kartelen %75 gutxienez euskaraz jarriko dituzte. Bulegoek bestelako argitalpenetan egiten duten publizitatea (aldizkariak eta jai egitarauak kasu) euskaraz jarriko dituzte. Esku orriak elebitan egingo dituzte, betiere euskarari lehentasuna emanda. 
  • Urtean zehar ematen dituzten zerbitzu bereziak, errenta aitorpenaren kanpaina esaterako, euskaraz izan daitezen beharrezkoak diren baliabideak jarriko dituzte langileen eta herritarren eskura. 
  • Finantza erakundeek haien zerbitzuak euskaraz erabiltzeko dei egingo diete bezeroei kanpaina bidez. Horretarako, sustapen plana egingo dute urtero. 

Bost urterako sinatu dute hitzarmena, eta epe hori beste bost urtez luzatuko dute aldeetako batek hitzarmena bertan behera uzteko borondatea azaltzen ez badu. Bestalde, "akordioa eraginkorra izan dadin" jarraipen batzordea sortuko dutela azaldu dute sinatzaileek, "zehaztutako helburuak lortzeko eta emaitzak aztertzeko".