Urrestilla eta Azpeitia arteko bidegorria eskatuz martxa jendetsua egin dute

Uztarria.eus 2016ko eka. 18a, 17:25

Urrestillako plazatik Azpeitiko plazara dauden hiru kilometro eta erdiak oinez -bakarren batzuk bizikletaz ere bai- egin dituzte gaur goizean 300 bat lagunek, Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria egiteko eskatuz antolatutako martxan. Bidegorria orain zioen pankartaren atzetik, arropa eta zapi gorriak soinean eta hainbat puxika gorri eskuetan zituztela, gogotsu eta umorez erantzun diote parte-hartzaileek Zurrunbillue herri lantaldeak egindako deiari. "Diputazio, udaletxe, agindutakoa behingoz bete" edo "bidegorria behar dugu" bezalako leloak errepikatu dituzte bidean. Azpeitiko plazara iritsi aurreko azken metroak, berriz, trikiti doinuek lagunduta egin dituzte.

Plazan, bertan egiten ari zen Ingurumena Herritik azokarekin bat egin du martxak. Han, kioskoan, idatzi bat irakurri dute bidegorriaren aldekoek. "Gaur, 2016ko ekainaren 18a da eta sekulako zortea izan dugu. Amets txiki bat betetzeko aukera izan dugu. Bai, oinez eta segurtasunez etorri ahal izan dugu Urrestillako kaskotik Azpeitiko plaza honetara", hasten da bidegorriaren beharra aldarrikatuz prestatu duten idatzia. "Gaur eta hemen eskatzen duguna ez zaigu iruditzen aparteko ezer denik. Gipuzkoako Boletin Ofizialean publikatu zen hori gauzatzea nahi dugu, hau da, bidegorria egitea. Besterik ez!", diote martxaren antolatzaileek.