Ekainaren 5eko herri galdeketa

Independentziari baiezkoa eman diote hitza hartu duten herritarren %94,56k

Hitzarturen ibilbidean parte hartu duten hainbat herritarrek argazkia atera dute, azken emaitzak jakinarazi ostean.

Bai erantzun dute 4.524 herritarrek; Ez esan dute 188 pertsonek, bozkatu dutenen %3,98k; zuriz bozkatu dute 17 pertsonek, bozen %0,36k, eta 52 izan dira baliogabeak, botoen %1,1a.

Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar? izan da Hitzartuk egin duen galdera, eta horri baiezkoa eman diote botoa eman duten pertsonen %94,56k, 4.524 herritarrek, hain zuzen. Ez erantzun dute 188 pertsonek, zentsuaren %3,98ak; baliogabeak izan dira 52 boto, boz guztien %1,1a, eta zuriak izan dira 17 boto, bozen %0,36a. 

Herri galdeketan jarraitu beharreko prozedura aztertzeko, eta prozedura hori zuzena izan dela egiaztatzeko eta ziurtatzeko, hiru lantalde izan dira lanean egun guztian zehar: kontrol batzordea, jarraipen batzordea eta begirale taldea. Azken talde horretako kideak igo dira oholtzara, emaitzen berri eman aurretik. Euskaraz, katalanez eta galegoz mintzatu dira, eta beraien egitekoak zein izan diren azaldu dituzte, baita herritarrak zoriondu ere, egindako lanagatik. Paul Rios, Eguzki Urteaga, Joxe Arregi, Xose Gonzalez, Xoan Muiños, Mari Luz Esteban, Quim Arrufat, Elisenda Paluzie eta Joseba Felix Tobar izan dira begiraleak.

Hitzartuko kideek, euren aldetik, "Espainiar estatuaren ezkortasunaren ondorioz ari gara lanean herritik, gure eskubideen defentsan", azaldu dute. Bestalde, parte-hartzeari egin diete keinu, eta eskerrak eman dizkiete galdeketan parte hartu duten herritar guztiei: "Gaur izan dugun parte-hartzeak erakusten du herria bizia dela gurea, Azpeitia. Horregatik, zorionak gaur hitza hartu duten herritar guztiei", adierazi dute. 

Hitzarturen abestia kantatuz eta Verrater talde azpeitiarraren kontzertuarekin eman diote amaiera gaurko egunari, ekainaren 5ari.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide