Murtziako Aguilas izango da Lagun Onaken hurrengo aurkaria igoera fasean

Uztarria.eus 2016ko mai. 30a, 19:09
Lagun Onakeko mutilak, joan den igandean Aviles kanporatu ondoren (Lagun Onak).

Garmendipen jokatuko dute bigarren kanporaketaren joanekoa, zapatuan, hilak 4, 18:00etan; itzulerako neurketa ekainaren 11-12ko asteburuan izango da.

Aguilas Futbol Club izango da Lagun Onaken aurkaria Bigarren B mailarako igoera faseko bigarren kanporaketan. Gaur arratsaldean egin dute zozketa Espainiako Futbol Federazioan eta, lehen kanporaketan Aviles kanporatu ondoren, Aguilas herriko (Murtzia, Espainia) taldea egokitu zaie oraingoan azpeitiarrei. Datorren zapatuan, ekainaren 4ean, Garmendipen jokatuko da kanporaketa horren joaneko partida, 18:00etan; itzulerako neurketa, berriz, Aguilaseko El Rubial zelaian, ekainaren 11-12ko asteburuan.

2010ean sortutako kluba da Aguilas FC, baina historia luzeagoa duela esan daiteke. Izan ere, urte berean desagertu zen Aguilas CF historikoaren (1925ean sortua, hura) lekukoa hartuz eratutako taldea da.