Gerra Zibilaren eta frankismoaren lehen urteetako Azpeitiko memoria, jasota

Ezkerretik eskubira, Juantxo Agirre, Eneko Etxeberria, Jabi Buces eta Estitxu Elduaien, liburuak eskuetan dituztela.

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Azpeitiko Udalak, elkarlanean, bi zatitan banatzen den liburua osatu dute. 1936 eta 1945 urteen bitartean jazotako gertaeren "memoria berreskuratzea" da helburua. Liburua doan banatuko du Udalak, martxoaren 19an egingo den aurkezpen ekitaldiaren ostean. 

"Memoria berreskuratzea helburu", Gerra Zibilaren garaian eta frankismoaren lehen urteetan jazotako gertaerak liburu batean bildu dituzte Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Azpeitiko Udalak, elkarlanean. Liburuak bi liburuki ditu: Azpeitia 1936-1945: Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa eta Azpeitia 1936-1945: Memoriaren izenak. Gaur, osteguna, aurkeztu dute liburua Eneko Etxeberria alkateak, Estitxu Elduaien zinegotziak eta Aranzadiko ordezkari Juantxo Agirrek eta Jabi Buces historialariak. 

Estitxu Elduaienen hitzetan, liburuaren aurkezpena "une garrantzitsua da Udalarentzat". Azaldu duenez, "Azpeitiko Udalak ahalegin berezia egin du memoria berreskuratzeko azken urteetan". Joan den legealdian hartu zuen Udalak memoria berreskuratzeko "konpromisoa" eta, horri jarraituz, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean "hainbat lan" egin dituela nabarmendu du zinegotziak, "horietako bat da gaur aurkeztutako liburua". 

Azpeitia "erreferentzia"

Juantxo Agirrek eskerrak eman dizkio Azpeitiko Udalari Aranzadi Zientzia Elkartearen izenean, "aukera hau emateagatik eta lan metodologia errespetatzeagatik". Agirrek azaldu duenez, "garai zailak ziren, indarkeriaz beterikoak, giza eskubideak urratu ziren eta demokrazia galdu zen". Gainera, Azpeitia garai haietan Euskal Herrian gertatutakoaren "erreferentzia" dela adierazi du: "Herri honetan gertatutakoak aztertzea berezia izan da. Izan ere, garai haietan Euskal Herrian gertatutakoaren erreferentzia da Azpeitia. Euskalduna eta kristaua. Giza eskubideen urraketak nabarmenak izan ziren". 

Bestalde, Agirrek azpimarratu du lan hau ez dela "ikerketa historikoa soilik",  "egiaren bila" aritu direla gaineratuz. Horretarako aritu da lanean Jabi Buces. Espainiako artxiboetan ez ezik, Euskal Herrikoetan eta hemengo jendearen testigatzak biltzen.

Egindako lanarekin "oso pozik" daudela azpimarratu du Juantxo Agirrek eta esan du "Azpeitian egin diren moduko lanak" egin behar direla "herri guztietan".

Artxiboetatik haratago

Orain dela bi urte hasi zen proiektuarekin lanean Jabi Buces Aranzadiko historialaria, Gerra Zibilaren garaian eta frankismoaren lehen urteetan Azpeitian zer gertatu zen jakiteko. "Oroimenaren bulegoa zabaldu genuen, herritarren artean gaia zabaltzeko eta herritarrak testigantzak ematera animatzeko", azaldu du Bucesek. Herritarrak testigantzak ematera animatu zirela esan du eta "horri esker" osatu dutela liburua.

"Artxiboetan informazio asko dago baina ez guztia. Hor ez dira sentimenduak biltzen, ezta oroitzapenak ere", nabarmendu du historialariak. Lanean hasi zirenean, 40 herritarren izenak zituzten abiapuntu gisa, Amaia Mendizabalek idatzi eta Uztarriak argitaratutako Azpeitiarrak Espainiako Gerran lanari esker. Horiez gain, baina, bestelako informazio iturriak ere erabili dituzte: "Imanol Eliasen lanak eta Antonio Loinazenak ere oso garrantzitsuak izan dira", adierazi du Bucesek.

Azpeitiko eta eskualdeko artxiboak begiratu dituzte, baita Espainiako hainbat herritakoak ere. "Artxibo militarrak, elizakoak nahiz erregistro zibilak begiratu ditugu, eta arazo ezberdinak izan ditugu informazioa eskuratzerako orduan. Azkenean, baina, informazio asko bildu dugu", azaldu du Bucesek. 200 irudi baino gehiago biltzen dira bi liburuetan, eta orain arte argitaratu gabeko datuak.

Hainbat datu argitara

Jabi Bucesek esan duenez, Aranzadik ikerketa hasi aurretik itzalpean zeuden hainbat datu argitara atera dituzte orain. "Ikerketari esker, jakin ahal izan dugu 1.000 pertsona inguruk alde egin behar izan zutela Azpeititik, 163 herritarrek auzitegi militar frankisten gerra-kontseiluen ondorioz alde egin behar izan zutela, ehundako azpeitiar beren etxeetatik urrun zeuden kartzeletara eraman zituztela". Horrez gain, azaldu du Azpeitiko 77 bizilagun beren lanpostuetatik "baztertu" zituztela eta 35ek zigor ekonomikoak edota beren ondasunen konfiskatzeak jasan zituztela. Bestalde, emakumeek bizitakoari egin dio aipamena: "Dozenaka emakume azpeitiar desterratu zituzten eta irainak eta tratu txarrak jaso zituzten". Gutxienez 280 gudari eta miliziano aritu ziren borrokan, eta gutxienez 22 hil ziren.

"Bigarren liburuan 1.096 eragile sozial bildu ditugu, biktimak eta errudunak. Gure helburua egia osoa jakitea da, ez partziala", adierazi du Bucesek. "Garai haietan gutxi gorabehera 8.000 biztanle zeuden herrian eta horietatik %14,7k jasan zituzten zuzenean gerraren eta diktadura frankistaren ondorioak", kontatu du.

"Datuek harritu egin naute, izugarriak dira. Ileak tente jartzeko modukoak", adierazi du Eneko Etxeberriak. Liburuan, 1936 eta 1945 urteen bitartean jazotako gertaeren erantzuleen izen eta abizenak biltzen direla azpimarratu du. "Zorionez herri baten memoria bizirik mantendu delako, posible izan da gezurrezko epaiak, autoak eta akusazioak argitara ateratzea. Memoria ofizial hori haustea", gaineratu du. 

Aitortza, "errepresioa jasan zutenei"

Etxeberria alkateak "eskerrak" eman dizkio Aranzadiri eta bereziki Jabi Bucesi. Bestalde, barkamena eskatu du: "Udalak barkamena eskatu behar du erakunde bezala. Berandu datorren lana da, 80 urte pasatu baitira orduz geroztik eta lehenago ere bazeuden aukerak lan hau egiteko. Pena bat da horren berandu iristea, baina, behintzat, iritsi da".

Gaur aurkeztutakoa "galtzaileen liburua" dela esan du Eneko Etxeberriak eta eskerrak ere eman ditu. "Eskerrak eman nahi dizkiet galtzaile horiei eta haiekin batera sufritu zutenei. Baita isiltasuna puskatzen lagundu duten pertsona guzti horiei ere", esan du Etxeberriak. "Errepresioa jasan zutenei aitortza egin nahi" dietelako, hurrengo zapatuan, martxoak 19, liburuaren aurkezpena egingo dutela jakinarazi du alkateak. Sanagustin kulturgunean izango da, 12:00etan hasita. 

Liburua doan

Bi liburukiak doan banatuko dituela jakinarazi du Udalak. Datozen egunotan herriko etxe guztietara txartel batzuk banatuko dituzte, liburuaren aurkezpenaren berri emanez. Aurkezpenaren egunean, martxoaren 19an, Sanagustinen txartel horiek erakutsiz gero, doan jaso ahalko dira liburuak. Guztira 1.000 ale argitaratu dituzte eta horiek agortu arte banatuko dituzte. Eneko Etxeberriak azaldu duenez, "gure betebeharra da liburu horiek banatzea. Egia jakiteko eskubidea dugu, eta modu honetan hala izatea bermatuko dugu". 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide