Oroimen bizia eta ondo gordea

Sanagustin kulturguneak betekada hartu du gaur ere, Laxaro Azkunek idatzi eta Azpeitiko Udalak argitaratu duen Oroimen bizia. Azpeitiko auzoak XX. mendean liburuaren aurkezpenean. Leire Goenaga zinegotziarekin batera, libururako testigantza eman duten hiru lagun izan ditu ondoan Azkunek: Arantxa Landa, Odriako Odriozolatxo baserrikoa; Imanol Lazkano, Landetako Antzibarkoa; eta Imanol Arregi, Loiolako Iturbidekoa.

Laxaro Azkunek Uztarria.eus-i emandako elkarrizketan aipatutakoen bidetik hitz egin du aurkezpenean. Hiru gonbidatuek, berriz, liburuan kontatzen denaren zertzelada batzuk eman dituzte, orain dela 60-70 urte, euren haurtzaroan, ezagutu zituzten auzoak eta baserriko bizimodua hizpide hartuta. "Gaurko haurrek gauza gehiago dute eskutan, baina barre egiten guk gehiago genekien", laburbildu ditu garai hartako eta gaurko ezberdintasun nabarmenak Imanol Lazkanok.

Baserriko eta kaleko, liburuan era batera edo bestera parte hartu dutenak zein bestelakoak, jende asko izan da aurkezpen ekitaldian. Amaieran, gehienek edo ia denek izan dute ale bat etxera eramateko aukera, doan; eta ez dira gutxi izan Azkunerengana hurbildu eta haren sinadura ere etxera eraman dutenak.

Gaur bezala, urtarrila bukatu arte liburua nahi dutenek doan eskuratu ahalko dute, udaletxean. Otsailetik aurrera, berriz, 5 eurotan salduko dute.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide