16 urteko espetxe zigorra ezarri diote Josu Urbieta 'Pow'-ri

Uztarria.eus 2015ko abe. 2a, 22:23
Gaurko elkarretaratzeko irudia.

Fiskalak 25 urteko kartzela zigorra eskatu zuen Urbietarentzat, eta 16 urtekoa ezarri dio epaileak. Gainera, beste hiru urte ere kartzelan egin beharko ditu azpeitiarrak, aurretik zuen beste zigor baten zatia ere erantsi diotelako. Gaur, asteartea, bukatu da epaiketa, eta iluntzean jakinarazi dute epaia. Urbietari ezarritako kartzela zigorra salatzeko manifestazioa deitu dute biharko, osteguna. 19:00etan abiatuko da, plazatik.

Gaur, asteazkena, iluntzean jakinarazi ditu Frantziako Zigor Auzitegiak Josu Urbieta 'Pow' eta beste bost lagunei ezarritako kartzela zigorrak. 16 urteko espetxe zigorra ezarri dio Urbietari eta baita Joseba Fernandezi ere. Epaiaren arabera, "frogatuta gelditu da biek pistolak erabili zituztela poliziei erasotzeko". Hamasei urteko zigorraz gain, beste hiru urte ere kartzelan igaro beharko ditu azpeitiarrak, aurretik zuen zigor baten zatia ere erantsi diotelako. Beraz, 19 urteko zigorra ezarri diote, guztira, Urbietari. Bestalde, 25 urteko espetxe zigorra ezarri dio epaileak Arkaitz Agirregabiriari, eta 14na urtekoa, berriz, Izaskun Lesakari eta Xabier Goienetxeari. Mikel Karrerari biziarteko zigorra ezarri dio, fiskalak eskatu moduan. 

Gaur bertan amaitu da epaiketa, eta hitza hartzeko tartea izan dute sei auzipetuek. Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) eta ezker abertzalea "apurtu nahi dutenei" helarazi diete mezua sei auzipetuek ohar baten bidez. Hemen, testua osorik.

Epaia jakin aurretik, 19:00etan, epaiketa salatzeko elkarretaratzea egin dute ehundik gora lagunek, plazan. Konponbidea orain! Pow etxera! lelopean egin dute kontzentrazioa. Gainera, biharko, osteguna, manifestazioa deitu dute. 19:00etan abiatuko da, plazatik.

Maryvonne Caillibotte fiskalak herenegun jakinarazi zituen zigor eskaerak eta 25 urteko espetxe zigorra galdegin zuen Urbietarentzat. Joseba Fernandezentzat ere 25 urteko kartzela zigorra eskatu zuen, 30 urtekoa Arkaitz Agirregabiriarentzat, eta 18na urtekoa Izaskun Lesakarentzat eta Xabier Goienetxearentzat. Mikel Karrerarentzat, berriz, biziarteko zigorra eskatu zuen fiskalak.

Azaroaren 2an hasi zen sei lagunen aurkako epaiketa Parisen (Frantzia), eta bost astez luzatu da. Jean-Serge Nerin poliziaren hilketagatik epaitu dituzte seiak.

Epaiketa dela eta, hainbat mobilizazio deitu zituzten azarorako Azpeitian. Urbietaren aurkako epaiketa salatzeko antolatutako mobilizazioei lotuta, hainbat senide eta lagun Parisera joan zen azaroaren 2an, azpeitiarrari elkartasuna adieraztera. Hogeitik gora azpeitiar izan ziren azaroaren 2ko auzi saioan Pariseko auzitegian. 

2010eko ekainean atxilotu zuten Urbieta Frantzian, eta La Santeko kartzelan preso egon ostean, Potiers-Vivonne kartzelara aldatu zuten joan den urtean; etxetik 486 kilometrora dago egun. 2012ko azaroaren 7an epaitu zuten Urbieta Parisen, eta ETA erakunde armatuko logistika militarreko kide izatea leporatuta, bost urteko espetxe zigorra jarri zion epaileak azpeitiarrari. Orain berriz epaituko dute Urbieta, beste delitu batzuk egotzita.

Duela aste batzuk Josu Urbietaren gutuna argitaratu zuen Deserriko Hitzakek webgune honetan.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak

- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten. 
- Joseba Segurola. Lannemezan (Frantzia) preso, 269 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Josu Urbieta (Pow). Potiers-Vivonne (Frantzia) preso, 486 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.

Deportatua

Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.

Iheslaria

- Juan Manuel Bereziartua (Pakea).