Azpeitia emakumeen begietatik

Uztarria.eus 2015ko aza. 25a, 13:16

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, asteazkena. Azaroaren 25aren bueltan, egitasmo ugari antolatu dituzte Emakumeen Mahaiak, Bilgune Feministak eta Azpeitiko Udalak. Atzo, esaterako, Gure herria emakumeen begietatik ekimena egin zuten dozenaka lagunek. Emakumeen Txokoan elkartu, eta herriko gune desberdinetan nola sentitzen diren eta seguru sentitzeko zer aldatuko luketen aztertu zuten. Ondoren, gune horietako batzuk bisitatu zituzten. (Antzerako ekimena egin zuten joan den urtean Iraurgi ikastetxeko Mare More taldeko kideek. Izan ere, Jose Artetxe kaletik Sanjuandegira doan lurpeko pasabidea puntu beltz moduan izendatu eta margotu egin zituzten haren hormak).

Bestalde, gaur, 19:00etan, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko elkarretaratzea izango da plazan, Bilgune Feministak deituta. Ondoren, 19:30ean, Haize Berriak indarkeriari aurre egin dioten emakumeen elkarteko kideek hitzaldia eskainiko dute, Emakumeen Txokoan. Ostiralean, berriz, Hortzaka taldearen eskutik, Eguzkilore antzezlana izango da, Gaztelekuan, 18:00etan hasita.