Alde Zaharreko eta Paulo VI.eko argiterian LED sistema ezarriko du Udalak

Uztarria.eus 2015ko urr. 30a, 18:23
(AZPEITIKO UDALA)

Lau bat urteren buruan herri osoko argiteria sistema egokitzea nahi du Udalak. Kontuan izanik Udalak urtean 1.880.054 kWh kontsumitzen dituela argiterian eta honen kostua 252.208 eurokoa dela, argiteri sistema guztia LED sistemara pasatu ostean, urtero 168.138 euro aurreztea espero dute.

Udala azken urteetan energia aurrezteko neurriak hartzen eta sistematikoki kontrolatzen joan da, "Azpeitia energia aurrezteko gaian punta-puntako udalerria izatera iritsiz". Orain arteko emaitzak "oso positiboak" direla nabarmendu dute udal ordezkariek. Hala ere, egiteko lan gehiago daudela eta, beste neurri bat hartu du: Alde Zaharreko eta Paulo VI.eko argiteria publiko guztian LED sistema ezartzea. Guztira 236 argi puntu egokituko dira LED sistemara, 205 Alde Zaharrean eta 31 Pablo VI.ean.

84.000 euroko aurrekontua izango dute Azpeitiko Alde Zaharreko 'fernandino' izeneko farola klasikoak eta Paulo VI.eko argiteria LED optikora egokitzeko lanek. Lan horiek bost-sei urtetan amortizatuta egotea aurreikusten dute. Espero diren diru-laguntzak lortuz gero, bi-hiru urtetan amortizatuko litzatekeela azaldu du Udalak. 

Sistema berria ezarrita, elektrizitatearen kontsumoa eta kostua hiru aldiz jaistea lortuko dela esan dute. Horretaz gain, LED sistemaren bizi-iraupena, aurreko lanparekin alderatuta, gutxienez hamar aldiz luzeagoa dela uste du Udalak. Lau bat urteren buruan herri osoko argiteria sistema egokitzea nahi dute. Kontuan izanik Udalak urtean 1.880.054 kWh kontsumitzen dituela argiterian, eta honen kostua 252.208 eurokoa dela, argiteri sistema guztia LED sistemara pasatu ostean, urtero 168.138 euro aurreztea espero dute.

Azpeitiko Udalak 2013an, aho batez, Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa eta plana osatzeko prozesuan, energiaren gaiari tratamendu berezia ematea onartu zuen. Energiaren lerro estrategiko baten baitan, hainbat ekintza aurreikusten ditu. Denak dira eraginkortasun energetikoarekin, kontsumoen murrizketarekin eta energia berriztagarrien ezarpenarekin zerikusia dutenak.

Argiteriaren potentzia murrizketarekin eta gaueko orduetan fluxu erregulazioarekin jarraituz, Udalak "energia murrizteko pauso garrantzitsua ematen" jarraitzen duela esan du.