Patxi Saez: "Lan-mundua erabat euskaldunduko bagenu, eragin betea izango luke kaleko harreman hurbilekoenetan"

Uztarria.eus 2015ko urr. 21a, 21:14
Patxi Saez (ERABILI.EUS)

Euskararen aurrerabidea ziklo berri baten beharrean ikusten du Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak. Horren gainean egindako hausnarketa eta proposamenak zabaldu ditu Erabili.eus webguneko Elefantea ikusi artikuluan. Euskararen elefantea lan-munduan dagoela eta hor eragin behar dela uste du, eta Euskaltzaindiari eskatu dio euskarak behar duen aro berri horren "gidaritza eta buruzagitza" hartzeko.

Bere iritzia plazaratzearekin bat, Patxi Saezek (Beasain, 1964) euskalgintzako hainbat adituren iritziak eta ekarpenak ere jaso ditu Elefantea ikusi-n. Guztira, 50 bat lagunen erantzunak jaso ditu. Eztabaidarako eta iritzi-trukaketarako bidea eman du, gutxienez, Saezen lanak. "Euskararen hizkuntza planifikazioak bene-benetako ardura sotzen du euskaltzaleen artean eta ardura hori agerian geratu da, berriz ere, oraingo honetan", esan dio berak, besteak beste, Uztarria.eus-i.

Lan mundura iritsi aurretik ere, gazte asko-askorentzat euskara "eskolako hizkuntza" besterik ez da. Errealitate horren aurrean eragiteko modu edo ahalegin berririk ez al litzateke behar?

Eskolak lan ikaragarria egin du, egiten du eta etorkizunean ere egin beharko du belaunaldi berriak euskalduntzen. Baina euskararen geroratzea eskolarik gabe lortzea ezinezkoa den bezala, eskolarekin bakarrik ere ezinezkoa zaigu. Eta hori oso agerian gelditzen zaigu, behin eta berriro, ingurune erdaldunduenetan eskolatik ateratzen diren gaztetxoek euskaraz komunikatzeko duten gaitasun eskasa ikusita. Ingurune erdaldunetako neska-mutilek ez daukate hiztun komunitaterik hiztun oso baten gaitasun linguistiko guztiak garatzeko. Euskara bigarren hizkuntza dute eta komunikaziorako gaitasun mugatua lortzen dute, eskola dutelako beraien euskalduntasuna garatzeko gune bakarra. Elebidun horiek euskara eta gaztelaniaren arteko erabateko desorekan bizi dira eta, desoreka hori, daukaten komunikazio gaitasunean ere islatzen da: askoz erraztasun handiagoa dute gaztelaniaz egiteko. Eta, egoera horretan dauden elebidun desorekatu guzti-guztiek 'astoarena' egiten dute: abiatu zaitez asto baten atzetik mendian gora eta astoak, beti, biderik erosoenetik eramango zaitu. Eta elebidun desorekatuek horixe egiten dute: komunikaziorako biderik erosoena aukeratu; gaztelania, alegia.

Gainera, gure gizarte honetan, hizkuntzen eta hiztunen arteko bizikidetzari dagokionez, kontraesan handi batean bizi gara. Izan ere, gizarte-erakundeetatik elebitasun sozial orekatua lortu nahian gabiltza, bizikidetzarako biderik idealena omen delako; baina elebidun gehienak, berriz, hiztun desorekatuak dira, gaztelaniaren aldekoak, nabarmen. Hori gutxi balitz, eskolaren bitartez ahalegin ikaragarriak egin arren, 20 urtez azpiko gazteen %30a ere ez da lortzen elebidun izatea. Kontuak horrela, joera horiek aldatu ezean, ezinezko lantegia bihurtuta daukagu gizarte elebidun orekatua lortzea.

Hizkuntza esku-hartzerik gehienak lehenengo 20 urtera begirakoak dira. Baina gure gizartearen ardatza lan-mundua da eta, lan-mundua, heldu aroan garatzen den jarduera da. Egunean esna egiten ditugun ordurik gehienak lanean egiten ditugu eta bizitzako urterik gehienak ere bai. Gure gazte elebidun desorekatuek, lan-munduan murgiltzen direnean, lehendik kamustuta daukaten euskalduntasuna galbidean jartzen dute, ia desagertzeraino. Horregatik proposatzen dut lan-mundua euskalduntzea, orain 50 urte eskolarekin egin zen bezalaxe, euskara eta gaztelaniaren arteko desorekan diren gazte horiek euskarazko bizibidean jarraipena izan dezaten eta komunikazio egoera berrietan euskaraz treba daitezen. Gainera, lan-mundua erabat euskaldunduko bagenu, eragin betea izango luke kale-auzoan garatzen diren harreman hurbilekoenetan. Horregatik guztiagatik proposatzen dut lan-munduan eragitea eta lan-mundua euskarazko bizibidera ekartzea. Gaur egun, euskarak EAEn duen egoeratik abiatuta, herri-erakundeek (Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek, batik bat) euskararen berreskuratzearen gurdia, nire ustez, bi gurpilen gainean ardaztu behar dute: eskola eta lan-mundua. Bi gurpil horiekin lortuko dugu euskarak, neurri handi batean, tajuz aurrera egitea. Bestela, gurdia, gaur egun gertatzen zaigun bezalatsu, herrenaren herrenez, arrastaka eraman beharko dugu, horrek sortzen dizkigun neke eta ezinekin.

Zure proposamenak hainbat erantzun eta ekarpen jaso du. Nola baloratzen duzu jasotako erantzuna?

Egia da, Elefanteak gure mundutxo honi astidu txiki bat eman dio. Handik eta hemendik euskaltzale asko etorri zaizkit artikulua irakurri osteko iritziekin. Pozgarria da norberaren hausnarketak akuilu izatea. Ea norainoko eragina izaten duen. Euskararen hizkuntza planifikazioak bene-benetako ardura sotzen du euskaltzaleen artean eta ardura hori agerian geratu da, berriz ere, oraingo honetan. Euskararen berreskuratzeak hemendik aurrera egin beharreko ziklo luzeak zein bide-mapa jarraitu behar duen da kezka iturri euskaltzaleen artean.

Eta zer harrera jaso duzu Euskaltzaindian? Eskatzen diozun gidaritza lan hori nondik nora egitea gustatuko litzaizuke?

Euskaltzaindiari euskalgintzaren gidaritza berreskuratzeko eskaria egin diot, euskarak ondorengo 25-30 urteetan bete behar duen zikloaren gidaritza eta buruzagitza har dezan. Proposamena Andres Urrutia euskaltzainburuari aurkeztu nion joan den irailaren 10ean. Nik azaldutakoekin ados azaldu zen eta ahal zuen neurrian proposamena erakundearen barruan bideratuko zuela agindu zidan.

Euskarari dagokionez, Euskaltzaindia da euskaldun guztion artean onarpenik zabalena duen erakunde nagusia. Gainera, erakunde neutrala eta zabala da, alderdikeriarik gabekoa eta, batik bat, euskal gizarte osoaren onarpena eta aitortza duena. Ez da ahaztu behar, gainera, Nafarroan eta EAEn legez aitortua duela, euskarari dagokionez, erakunde aholku emaile izaera.

Euskaltzaindia 1918an sortu zen eta Euskaltzaindiaren 50. urteurrenean, 1968an, egin zen euskara batu edo estandarizatu zuen Arantzazuko Biltzar Nagusia; eta harrezkeroztik, azken 50 urteotan, Euskararen Corpus Plangintza egin du Euskaltzaindiak, batik bat. Euskaltzaindia, aurki, 2018an, mendeurrena betetzear da. Euskararen aro berriari hastapena Euskaltzaindiak antolatuko lukeen Mendeurreneko Batzar Nagusiak emango lioke, oraingo honetan, Status Plangintza egiteko; alegia, ondorengo 25-30 urteko ziklo luzean jarraitu beharreko gizarte-dinamikak zehazteko eta nondik norakoak finkatzeko eta erabakitzeko, beti ere, euskara gizarteko hizkuntza nagusi bihurtzeko jomugarekin. Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horretan erabakitzen den bide-orria guztiz akademikoa litzateke, guztiz teknikoa. 1968ko Batzar Nagusia Euskararen Batasunarena izan bazen, oraingo hau Euskararen Erabilerarena izango litzateke.

Euskarak beste mugarri bat jarri beharra dauka ziklo berria zabaltzeko. Mugarri hori Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horrek jarriko luke. Euskararentzat, hil ala bizikoa da, euskal gizartea mugiarazteko eta etorkizunerako nondik norakoak finkatzeko, horrelako aukera bat ez galtzea: bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izatera pasatzeko, gune euskaltzaleetatik gizarte osora zabaltzeko. Azken finean, euskarak gizartean zentralitatea eta lehentasuna lortu ahal izateko.

Lan-munduan eragiteko eragile guztien inplikazioa derrigorrezkoa dela aipatzen duzu. Baina denak ikusten al dituzu maila berean eragiteko prest? Eragile 'traktorerik' ez al litzateke behar? Eta, lan munduan euskara txertatzea euskalgintzaren ikuspegitik funtsezkoa izanda, lan munduan bertan ez ote da pisu gutxiko behar bezala somatzen?

Zalantzarik gabe, lan-munduko eragile guztien elkarlana behar-beharrezkoa eta ezinbestekoa da euskararen zabalkundea lantokietara eramateko. Euskal eskolaren erabateko hedapena Eusko Jaurlaritzak hezkuntzaren ardura hartu zuenean gertatu zen bezalaxe, lan-muduan euskara txertatzea, neurri handi batean, herri-erakundeen eragiletzaren baitan dago. Herri-erakundeek baliabideak eta tresnak dituzte, herri-diruak eta lege-araudiak, besteak beste, euskara gizarteratzeko eta laneratzeko. Beste alde batetik, lan-munduko eragileen artean ilusioa sortzea da giltzarri. Norbaitek gaiaren garrantzia mahai gainean jartzen duenean eta jendea konbentzitzen denean: hori egin behar da, garaia iritsi da, garrantzitsua da, une historikoa hau da. Jendeak hori ulertzen duenean, bere onena ematen du eta emaitza harrigarriak izaten dira. Ikastolak ditugu horren adibide. Izan ere, sinistea ahal izatea da.