Azoka Herritik

Azoka Herritik, aspertzeko betarik gabe

Uztarria.eus 2015ko ira. 19a, 15:35

Zapatuarekin iritsi da aurtengo Azoka Herritik egitasmoaren egun nagusia eta Azpeitiko Alde Zaharra saltokiz, erakusketaz, tailerrez eta jendez bete da goiz-eguerdi partean. Eguraldi bikaina lagun, egitarau zabalean aurreikusitako hitzordu guztiak arazorik gabe gauzatu ahal izan dituzte.

Plaza Nagusia, Erdikalea, Perez Arregi plaza eta Soreasu izan dira gune nagusiak. Bertako baserritarren, artisasuen eta dendarien postuekin beteta egon da plaza, eta Erdikalea hainbat dendariren stock salmentarako postuekin bete da. Perez Arregin izan dute kokalekua Arte eta Diseinu Ikastegiak, Juan Antxieta Musika Eskolak eta Antxieta Arkeologia Taldeak, eta Soreasun egon da bigarren eskuko azoka, ostiralean inauguratutako Elkargunearen bueltan.

Adin guztietako lagunentzako eskaintza zegoen eta denek izan dute zer ikusi, dastatu eta gozatua, baina haurrek bereziki aukera zabala izan dute, Sanagustinpean sukaldaritza tailerrarekin, kiosko atzean panpinak eginez, aurtengo lemaren zati Bagoaz hitzaren hizkiak margotuz eta apainduz, marrazki lehiaketan parte hartuz -101 umek eman dute izena-, edota musika eskolakoekin instrumentuak sortuz eta musika eginez.

Arratsaldeko egitaraua

Goiza eta eguerdia oparoak izan badira, arratsalde-iluntzerako ere ez da aukerarik faltako. Hona hemen Azoka Herritiken azken txanparako egitaraua:

  • 14:30. Bazkari begetarianoa, Gaztetxean. Umeentzako menuarekin.
  • 16:30. Herrigintza II. Topaketa, herriko taldeekin, plazan.
  • 17:00-19:00. Kirol zirkuitoa, Done Jakue kalean.
  • 17:00-19:00. Kometa eta henna tailerrak, plazan, kooperazio taldeen eskutik.
  • 18:00. Izozkien prestaketa eta dastaketa, plazan, Egaña gozotegiaren eskutik.
  • 18:30. Euskal kantuak, plazan.
  • 19:30. Argazki erraldoia, plazan