Azoka Herritik

Herritik eredu

Uztarria.eus 2015ko ira. 17a, 12:40

Azpeitiko Udalak ondorengo prentsa oharra kaleratu du, herri hobe bat eraikitze bidean, Azoka Herritikek egiten duen lana eskertuz.

Duela bi urte, eskualdea krisiak bete-betean jota, egoera zailean zen Azpeitia, eta hainbat herritarrek herritik eta herriarentzat, esku hartzea erabaki zuten: moduak eta ereduak birpentsatzeko momentua zela sinestuta, talde, elkarte, eragile ekonomiko, sozial eta norbanakoak, batu eta elkarlanean hasi ziren. Horrela jaio zen Azoka Herritik.

Eta bi urte geroago, lanean jarraitzen du: Azpeitia hobetzeko helburuarekin, umiltasunez, baina lanean, elkarlana oinarri hartuta, Azpeitian bizi, kontsumitu, lan egin eta gozatzeko modu berri bat eskainiz; herri solidario, anitz, sortzaile eta alai baten alde.

Horregatik da eredugarri Azoka Herritik Azpeitiko Udalarentzat, garai eta aro berrientzat modu eta eredu berriak bultzatzen dituelako, dituen helburuekin eta egiteko moduarekin guztiz bat egiten dugulako. Pauso txikiak emanez osatzen da bide osoa, eta pauso txiki bakoitza da garrantzitsua. Udala ere bidelagun da ibilbide horretan, eta hala izaten jarraitu nahi dugu, elkarrekin eta elkarlanean, herri hobea egiteko gai izango garelako.

Eskerrik asko, Azoka Herritik, elkarrekin eta bestelako modu batean, bertakoek bertakoaren alde egiteko gai garela erakusteagatik. Balio eta eredu egokiak sustatzeagatik; eta Azpeitia hobe bat denon artean egiteko ilusioa eta grina piztu eta indartzeagatik. Egitarau oparoa daukagu aurretik, gozatu dezagun.