Txillarramendira egindako mendi bueltako zenbait kontu

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2015ko eka. 30a, 14:59

Denbora pixkat pasatu da Txillarramendiko mendi ibilia egin genuenetik. Orain, ordea, orduko bideo pare bat eta ibilaldirako prestatu genuen liburuxka kaleratu nahi ditugu.

Gogoan geratu zaigu, adibidez, Kostiten, Jose Mari Agirreren eta Frantzisko Mari Iturzaetaren baserrian, bizirik den errainarekin atera genuen taldeko argazkia.

Ibilaldia bera, aitzakia bat zen "XX. mendeko bertsolaritzaren kabia" ezagutzeko. Izan ere, Txillarramendi ingurutik pasiera eginez iritsi gintezke azken urteetan Azpeitia inguruan bildu diren bertsolari askoren pasadizoak jakitera. Etumeta gaineko mapatxo berezi hau horren ispilu.

Banatutako liburuxkan esaten zena, horratx:

"Hain zuzen ere Aizarnarekin muga egiten duen Etumeta izeneko auzo honetatik ikus genitzake, bertatik bertara, Txapel eta Zepai baserriak. Horietatik gertu, Saaberri baserria, Joxe Lizaso hazi eta bizi izandakoa. Pittin bat beheraxeago, Gorostieta bi bizitzako baserria dago, Patxi Iturzaetarena bata eta, honen etxekoenean ere baziren beste bi anaia bertsolari, Agirretarrak bizitako baserrian. Handik urrutira gabe dago Artañola baserria. Kasko honen parez pare ageri da Izarraitz hegalean, Oranda, Joxe Agirreren baserria. Pittin bat urrunago ikus daiteke Endoia auzoa, eta bertan zen Uztapide baserria. Toki honetatik ikusten ez bada ere, oinez hogei minutura dago Granada baserria, Basarriren jaiotetxea, eta handik ez oso urrun dago Aiako herria, Manuel Lasarte hazi eta bertsolari egindako tokia, Leitzan jaio bazen ere; hemendik berrogei bat minutura, Errezil aldera, Loidi Saletxe baserria dago, hainbeste bertsolariren kabia. Odria bailara honen barrenean dago, berriz, Landeta auzoa eta hor zen Antzibarren baserria, Imanol Lazkanoren jaiotetxea, eta hortxe Landeta taberna Lizasoren jatetxea ere, garai batean halako bertso-giroaren biltoki bilakatu zena."

Halaxe egin genuen bada, geldiune bakoitzean bertso zaharrak gogoratuz, ibilaldi eta goizpasa hura.

Hona bi bideo, bi geldialditan grabatutakoak. Batean Beñat Lizaso ari da kantuan, Sanu gainean bere aitona Joxe zenari jarritako oroitarriaren aurrean, haren bertsoak gogoratzen. Bigarrengoan, aldiz, Txapel baserriaren aurrean -oraingo bertako bizilagunen sorpresarako- Jon Gurrutxaga Txapel-en bertsorik ezagunenetako batzuk kantatzen.

Ibilaldirako prestatu genuen liburuxka, aldiz, helbide honetan jaitsi dezakezue. Han aurkituko dituzue egindako geldialdi bakoitzean kantatutako bertso guztiak. Beste goiz batean Txillarramendi aldetik buelta egiteko ere, ez da aitzakia txarra. On egin!