Erakargarritasun pertsonala

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Sancho Esnaola 2015ko eka. 12a, 11:40

Bikote harreman bat hasi nahi dugu, baina ez dugu lortzen edo ez dakigu nondik hasi. Ez dugu neska-mutil berririk ezagutzen, edota uxatzen ditugunaren sentipena izan dezakegu. Nola irauli egoera hori?

Bikotekiderik gabe asko ikasi dugu, libre sentitu gara, bakarrik ere bai, itxaropentsu, baikor, bidaiari, pozik... baina norbaitekin gure bizitza partekatzeko garaia heldu dela sentitzen dugu. Kanpotik, ordea, single etiketa jarrita daukagu. Nola demontre kendu? 

Baliteke orain arte bezala jokatzen jarraitzea eta emaitzak berberak izatea: berdin jantzi, gurasoen etxean bizi, taberna eta giro berdinetan mugitu, ile orrazkeran aldaketarik ez egin, sare sozialetan parte hartzeari uko egin... Emaitza berriak lortzeko, astindu bat eman beharko diogu horri guztiari. 

Etxebizitzaz aldatzea, posible denean, aldaketa nabarmena eta interesgarria da, batez ere, senideekin egokituta eroso baldin bagaude, edozein adin dugula. Giro berriak ezagutzeko, ikastaroak egiteak, kirol berriak praktikatzeak eta elkarteak ezagutzeak aukera asko sortu ohi ditu. Erosotasuna atzean uztea, ezinbestekoa da, noski! 

Betiko kamiseta estiloa, prakak, lepoak... itxitasuna, utzitasuna adierazi dezakete. Arroparekin arriskatzen hastea sendagarri suertatu ohi da, erotismoa pizteko garaian. Ile orrazkerak ere –aukera dagoenean– gure ikusgarritasuna nabarmendu dezake. Existitzen garela nabaritu behar da, eta egoskorkeriak ez dezala hori boikoteatu! Benetan gustukoa dugun pertsona, etxerako modukoa, ez da lehenengo saiakeran aurkitzen maiz. Hortaz, hainbat lagun berri ezagutzeko eta haiekin erotika ere esploratzeko jarrera irekia ezinbestekoa izaten da.

Maitasunaz dugun ideia erromantikoak, hala nola, gauez etxeko zapatilak jantzita zaborra botatzera goazenean, ustekabean, gure bizitzako maitasuna agertuko dela, edo betiko tabernan, betiko kokalekuan, norbait berria eta zoragarria gutaz maiteminduko dela amestea zilegi den arren, errealitatetik urrun egon daitezke. Badaezpada, hobe, ingurura begira ibiltzen hastea.

Ibilbide horretan, beldurrak, indarrak, ausardiak eta pozak partekatzeko laguna, 'coach'-a, izatea, ia-ia ezinbestekoa da. Gure arrakastak eta porrotak ezagutuko dituena, eskote eskuzabal edo alkandora potente hori janztera animatuko gaituen kide zirikatzailea. Askoz dibertigarriagoa izaten da horrela. 

Bizitza digitala 2.0

Eguneroko bizitzaz gain, bizitza digitalean parte hartzeak sarea sortzen, handitzen eta indartzen laguntzen du. Oraindik orain, bada Facebook, Whatsapp edota bestelako komunikazio modu digitaletan parte hartzen ez duenik, ezezagunaren beldurrak paralizatuta.

Orain arte aipatutako guztiak egitea ez da derrigorrezkoa, baina bideak ireki, zabaldu eta leunduko ditu, ziur. Kontrakoa egiten jarraitzeak, gauden moduan mantendu gaitzake, ordea. Gizon eta emakume guzti-guztiok dugu plazerra eta maitasuna emateko eta jasotzeko gaitasun handia. Zuk ere bai.

Uztarriaren maiatzeko zenbakian argitaratutako artikulua.