Trinitateak ospatuko dituzte Nuarben asteburuan

Uztarria.eus 2015ko mai. 28a, 12:17
Iazko Nuarbeko festetako argazkia.

Adin guztietako auzotarrentzat egitaraua antolatu dute. Festak larunbatean hasi eta astelehenean bukatuko dira. Sokamuturra, herri afaria, kontzertuak eta umeentzat jolasak egongo dira, besteak beste. 

Erleen jaia iristear da Nuarbera eta egitarau zabala prestatu dute nuarbetarrek asteburu osorako. Adin guztietako auzotarrentzat ekintzak antolatu dituzte: sokamuturra, herri afaria, kontzertuak, umeentzako puzgarriak... Auzo txikian, festa handiak! lelopean ospatuko dituzte nuarbetarrek triniak

Larunbat arratsaldean, maiatzak 30, emango diete hasiera Trinitateei, 16:00etan botako duten txupinazoarekin. Jarraian, 16:30ean, sokamurruta egongo da eta gauerako herri afaria eta kontzertuak antolatu dituzte. Afaria 20:30ean izango da eta kontzertuak 23:30ean hasiko dira. Lain taldea eta Elizagoien ahizpak arituko dira musikarekin auzoa girotzen. Goizalderako baratzuri-zopa jana antolatu dute festan jarraitzen dutenentzako. 

Igandean, maiatzak 31, meza nagusia izango da 12:00etan eta ondoren hamaiketakoa egingo dute Juan Antxieta musika eskolako trikitilariek lagunduta. Arratsaldean, umeentzat puzgarriak izango dira, 16:30ean. Ondoren, 18:00etan, Nuarbeko bizilagunen eta Azpeitiko sokamutilen arteko erronka izango da. Lokotx biltzen, sokatiran nahiz korrikan arituko dira erronkako parte-hartzaileak, besteak beste. Behin erronka bukatuta, Izer eta Alabierren erromeriak girotuko du auzoa. 

Astelehenean, ekainak 1, festak jarraitu egingo du, eta umeentzako jolasak, tailerrak eta txokolatada prestatu dituzte, 16:30ean hasita. Iluntzean, berriz, erromeria egongo da Laja eta Narbaizaren eskutik.