Munibe Group sortu dute bailarako bost enpresek lehiakortasun-gaitasuna areagotzea helburu

Munibe Group-en sustatzaileak eta Iraurgi Berritzeneko kideak.

"Elkarrekin gehiago gara" ideia oinarri hartuta garatu dute ekimena Iraurgi Berritzenen laguntzarekin. Batzeak eta elkarlanean aritzeko hainbat sektore ezberdinetan egoteko "gaitasuna" ematen diela adierazi dute. Bost enpresen artean dago azpeitiko Mecanizados Gurrutxaga SL. 

Munibe Group da Urola Erdiko bost enpresa mekanizatzaileren arteko elkarlan prozesuaren emaitza. "Elkarrekin gehiago gara" ideia oinarri hartuta garatu dute ekimena 10 eta 30 langile artean dituzten bost lantokik, Iraurgi Berritzen bailarako garapen agentziaren laguntzarekin. Munibe Group osatzen duten enpresen artean dago Azpeitiko Mecanizados Gurrutxaga SL lantegia. Gainerako lauak, berriz, Azkoitikoak dira: Alberdi Mekanizatuak SL, Ekintza Lantegia SA, Talleres Arrieta SA eta Talleres Mecanicos Murua SL. 

Batzeak eta Munibe Group osatzeak "errealitate askoz indartsuago baten aurrean kokatzen ditu enpresak", ekimenaren bultzatzaileen arabera. Enpresek euren gidaritzapean eta hurbileko beste lantokien laguntzarekin, lehiakortasun-gaitasuna areagotzea dute helburu eta modu horretan gaur egun dituzten eta etorkizunean izango dituzten beharrei hobeto erantzutea.  

Ekimenaren bultzatzaileek azaldu dutenez, "enpresa bakoitzak bere kasa bezeroei eskaini ezin diezaizkioken pieza eta prozesu eskari anitzari erantzun ahal izateko" sortu dute Munibe Group. Denek batera neurri handiagoko proiektuak "abian jartzeko modua izateko" sortu dute taldea. Horrez gain, elkartzeak hainbat sektoretan egoteko "gaitasuna" ematen diela adierazi dute: "Sektore eolikoan, itsasontzienean, siderurgian, makina-erremintan edota trenen sektorean". Horrez gain, bakoitzaren esperientziak eta ezagutzak bateratzeko ahalmena lortzera begira "estrategikoa" ikusten dute elkartzearen ideia.

 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide