Sanjuandegin dena prest dute festak eta Mantangorriren bosgarren urteurrena ospatzeko

Uztarria.eus 2015ko mai. 22a, 19:20
Sanjuandegiko festa batzordekoak, auzoko umeak eta Mantangorri, aurkezpeneko argazkian.

Maiatzaren 30ean Ume Egunarekin hasi eta ekainaren 13ko kirol asteburuarekin bukatuko dira aurtengo jaiak. Antolatzaileek "auzotar nahiz herritarren inplikazioa" eskatu dute, "festak aurrera ateratzeko".

Astebete pasatxo falta da 2015eko Sanjuandegiko jaien egitaraua abian jartzeko, eta aste honetan bertan egitaraua aurkeztu eta festetan parte hartzeko gonbita luzatu dute festa batzordeko kideek. Antolatzaileek "auzotar nahiz herritarren inplikazioa" eskatu dute, "festak aurrera ateratzeko. Beharrezkoa da denon aletxoa. Edozer dugu posible zuekin!".

Maiatzaren 30ean Ume Egunarekin hasi eta ekainaren 13ko kirol asteburuarekin bukatuko dira aurtengo jaiak. Ume Egunerako 200 haurrek eman dute izena aurten. Ekainaren 2tik 4ra gauero egongo da ekitaldiren bat, baina festak "lehertu", antolatzaileek dioten bezala, ekainaren 5eko arratsaldean lehertuko dira, Mantangorriren jaitsierarekin. Aurtengoa "jaitsiera berezia" izango dela aurreratu du Festa Batzordeak; izan ere, Mantangorrik bost urte beteko ditu Sanjuandegiko festen hasiera iragartzen.

Berrikuntzei dagokienez, lehen aldiz egingo dute artzai txakur txapelketa Sanjuandegiko festetan. Bestetik, ekainaren 7an egitekoa zen Nepalen aldeko lasterketa solidarioa astebete atzeratuko dela jakinarazi zuten festen aurkezpenean. "Emango dugu aurrerago informazio zehatza", esan dute festa batzordekoek.

Egitaraua

Maiatzak 30, zapatua

Ume Eguna

Ekainak 2, asteartea

  • 19:00. Kooperatuz: Argentinako bizipenak.

Ekainak 3, asteazkena

  • 20:30. Bertso-afaria Baigera II-n, Beñat Lizasorekin eta Eneritz Artetxerekin.

Ekainak 4, osteguna

  • 22:00. Mus Txapelketa.
  • 22:30. Pettiren kontzertua eta euskal kantuen kantaldia.

Ekainak 5, ostirala. Gazte Eguna

  • 18:30. Bodega zaharraren irekiera.
  • 19:00. Mantangorriren jaitsiera.
  • 19:05. Erraldoiak eta buruhandiak, musika eskolako trikitilariekin.
  • 20:30. Gazte afaria.
  • 23:00. Saloiko dantzen emanaldia, Jose Mari Orbegozorekin eta ikasleekin.
  • 23:00. Kontzertuak karpan: Verrater, Lin Ton Taun, Laket.
  • 02:00. Herriko DJak, txosnan.
  • Goizaldean, baratzuri zopa-jana.

Ekainak 6, zapatua. Auzo Eguna

  • 10:00. Judo erakustaldia, Kimurakoen eskutik.
  • 12:30. Triki-pintxo-poteoa.
  • 12:30. Musika Bandaren kontzertua.
  • 15:00. Auzo bazkaria.
  • 17:00. Auzoko III. Triki Txapelketa.
  • 18:00. Txokolatada.
  • 18:00. I. Artzai Txakur Txapelketa.
  • 19:00. Buruhandiak, Skandaluekin.
  • 21:00. Parrillada, Bagoaz elkartearen eskutik.
  • 23:00. Kontzertuak: Itziarren Semeak, Skasti.
  • Karpan gaupasa, DJ Bull-ekin.

Ekainak 7, igandea

  • 06:00. Txokolatada.
  • 06:30. Gaupaseroen argazkia.
  • 07:00. Sokamuturra.
  • 09:00. Salda.
  • 12:00. Dantzari txikiak.
  • 16:30. Poniak eta zezen txikiak, haurrentzat.
  • 18:30. Herri kirolak.
  • 20:00. Agur Mantangorri!

Ekainak 13, igandea

  • 16:00. Alebinen eta infantilen txirrindulari probak, Lagun Onak TE-ren eskutik.