Aingeru Castro izan zen azkarrena Rallysprintean, eta Joxe Labaka hirugarren

Aingeru Castroren BMW M3-a, zapatuko lasterketaren une batean. (EDUARDO MATURANA)

Azkenean, 50 gidari lehiatu ziren Azpeitiko lasterketaren XVI. edizioan eta 28k bakarrik lortu zuten proba osatzea. Iban Tarsicio sailkatu zen bigarren tokian.

Karrera gogorra izan zen zapatuan jokatutako XVI. Azpeitiko Rallysprinta. 55 gidaritik gora ziren aurrez izena emanda zeudenak, baina azkenean 50 izan ziren parte hartu zutenak, eta horietatik 28k bakarrik lortu zuten lasterketa osatzea.

Landeta eta Etumeta arteko hiru mangak batuta, Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola (BMW M3) izan ziren irabazleak, Iban Tarsicioren eta Iñigo Peñaren (Mitsubishi EVO IX) aurretik. Sailkapeneko aurreneko azpeitiarrek, Joxe Labakak eta Eli Bergarak (Mitsubishi EVO VI) osatu zuten podiuma, hirugarren tokia bereganatuta. Bigarren postutik oso gertu geratu ziren Labaka eta Bergara, bi segundora.

Iazko irabazleak, Mattin Villares eta Andoni Blas (Renault Clio Maxi), izan ziren indartsuen hasi zirenak. Haiek nagusitu ziren aurreneko mangan, baina bigarrengoan istripua izan eta lasterketa utzi behar izan zuten. Beste bietan denbora onena Castrok eta Urkiolak egin zuten, eta horrela lortu zuten azken garaipena.

Bigarren mangan lasterketa etenda egon zen. Parte-hartzaile batek istripua izan zuen, autoaren gurpil bat aireratu, eta ikusle bat zauritu zuen. DYAkoek ikuslea bertan artatu zuten aurrena, eta anbulantzian eraman zuten gero.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide