Xabier Lozano: "Gezurretan bizitzera derrigortzen naute"

Uztarria.eus 2015ko api. 17a, 17:57
Xabier Lozano.

Uztarria herri aldizkariaren apirileko zenbakia irakurgai dago dagoeneko Uztarria.eus-en, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 171. zenbaki horretan Xabier Lozano mutil transexualari egindako elkarrizketa da jarraian datorrena.

Ispiluan begiratu eta irudikatuta ez sentitzea. Biluzik jarri eta kanpo genitalak identitate sexualarekin bat ez datozela ikustea. Are gehiago, txikitan sailkatu zintuzten generoa ez dela zurea ohartzea. Transexual gehienek sentipenok izan ohi dituzte, eta sentimendu horiek ez ezik, hainbat traba eta oztopo ere bai egunerokoan. Horren lekuko da Xabier Lozano.

Transexual jaio edo bizi egiten da?

Jaiotzetik duzu nortasuna. Jaiotzen zaren unean ez, baina hiru bat urterako zara kontziente neska ala mutila zaren. Agian, ez duzu jakingo hitz teknikoa, transexuala, baina badakizu zer zaren. Nik betidanik dakit mutila naizela. Gorputz bat tokatu zaizu, ez zaude gustura, ez delako zu identifikatzen zaren gorputz hori.

Onartzeko bidean, zein izan zen zure jokabidea?

Hasieran, kezkatzen ninduen familiakoek edo lagunek izan zezaketen erreakzioak. Beldurra ere banuen. Unibertsitatera hasi nintzen urtean esan nuen mutila nintzela. Unibertsitatean ez ninduen inork ezagutzen, eta zuzenean Xabi bezala aurkeztu nintzen. Gainera, unibertsitatean ez zara ume bat, eta aldea da ulertzerakoan ere. Inork ez zuen zalantzan jarri nire nortasuna. Harreman berriak eraiki nituen. Ez da berdina bizi osoan zurekin ikastolan ibili den jendeari esatea, eta zentzu horretan lasai nengoen. Gainera, familiakoek eta lagunek ere ondo hartu zuten.

Ingurukoen babesa jaso duzu, beraz.

Zorionez, bai. Inork ez dit esan "ez dut zurekin egon nahi" edo antzekorik. Absurdoa litzateke bestelako jarrera hartzea, baina gertatzen dira halakoak.

Transexulitatea gai tabua izan da urte askoan.

Orain ere ez da egunero hitz egiten horretaz. Informazioa aurkitzen hasiz gero ere, jakin egin behar duzu bilatzen, eta ez da erraza. Interneten begira hasten zara eta azaltzen dizutena da badirela hormona batzuk, efektu batzuk egiten dituztela eta operatzea ere posible dela. Baina kito, hori da guztia. Gaiaz arrastorik ez baduzu, hori da jasotzen duzun informazio apurra. Jendeak ez du informaziorik, eta dakiena estereotipotan oinarritutakoa da. Duela urte batzuk homosexualitatearekin gertatzen zenaren modukoa da: 'luma' askodun gizona behar zuen izan homosexualak.

Informazio falta horretan, nora jo zenuen?

Donostiako Gehiturekin, Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkartearekin, jarri nintzen harremanetan, eta handik Errespetuz Bilboko transexualen elkartera bideratu ninduten. Elkarteetan uneoro babesa sentitu dut, eta harreman berriak egin ditut. Elkartean ezagututako jendeak eman beharreko pausoak-eta azaldu dizkit. Koadrilan konfiantza izan dezakezu, baina gauza batzuez ezin duzu hitz egin, jendeak ez duelako horren gaineko informaziorik. Nolabait berdinetik berdinerako harremanak sortzen laguntzen du elkarteak eta lagungarria da. Batez ere, arraroa ez sentitzeko. Telebistan ateratzen diren transexualak beti emakumeak dira, eta normalean telebista erabiltzen dute euren bizitzak saltzeko. Transexualak ezin al du lana eduki edonork izan dezakeen bezala, eta okina, tabernaria edo irakaslea izan? Jendea ezagutzeak laguntzen du ikusten denak ez direla telebistakoen modukoak. Egunero kalean gurutzatzen duzun hori ere izan daiteke transexuala, eta egunero kalean gurutzatzen dudan horren moduko bizimodua izan dezaket.

Adin txikiko transexualen senideen elkartean badira.

Pozgarria da. Etxean gertatzen ari dena identifikatu baduzu, ume horri errazago egingo zaio bera izatea. Ez da berdina zuk eta zure inguruak bost urterekin onartzea gertatzen dena. Halako kasuetan, nerabezaroan blokeatzaile hormonalak hartu ditzakezu, eta zure gorputza ez da joango nahi ez duzun alde horretara. Ez da berdina tratamendu hormonala 60 urterekin edo 16 urterekin hastea. Zenbat eta lehenago, efektua ikusgarriagoa da.

Haurtzaroa garrantzitsua da, orduan?

Pausoa umetan ematea aldea da. Umeak ez dira inozoak, baina aurreiritzi gutxiago dituzte. Ume bati esaten badiozu hau neska edo mutila da, ez du zalantzan jarriko. Harremanak naturalagoak dira. Gainera, ume horiek beraiek izanaz haziko dira, eta errazago onartuko dituzte gauza batzuk. Oraintsu arte helduen artean gai tabua zen eta umetan medikuek ez zuten kontuan ere hartzen. 18 urterekin, bat-batean, transexual bihurtzen zen jendea. Lehen ere mutila zen, eta jendeak beste zerbait pentsatzen zuen. Ez da kontuan hartzen zer sentitzen duen pertsona horrek.

Aipatu dituzu hormonak eta. Zer bide ari zara jarraitzen?

Egun transexualitatea patologizatuta dago, eta gaixotasun mentaltzat hartzen da. Medikuarenera joan nintzen aurrena, eta Gurutzetako ospitaleko genero unitateko psikiatrarengana gero. Azken horrek eman behar dizu oniritzia. Esan behar dizute "ez zaude zoratuta". Gauza bat esanez etorri zara, eta arrazoia duzu. Komikoa da. Papertxo bat ematen dizute transtorno mentala duzula dioena. Behin paper hori eskuratuta, endokrinoarengana bideratzen zaituzte. Nahi baduzu tratamendu hormonala hasten duzu, fisikoa, ahotsa, eta karaktere sexual sekundarioak aldatzeko. Gero, nahi izanez gero, operazio desberdinak egin daitezke: genitalak, bularrak... Baina, hori bigarren fasea da. Hormonak hartzen ari naiz. Bizi osoko tratamendua da. Gorputza 'tontoa' da eta berdin dio hormona maskulinoak edo femeninoak jaso, baina hartu behar ditu. Nik gorputzak sortzen dituenaren kontrakoak hartzen ditut. Gustura sentitzen naiz, eta ia denborarekin aldaketak ikusten ditudan, motela eta luzea da-eta prozesua.

Jendeak ulertzen al du transexualitatea?

Ulermenarekin lotuko nuke ezjakintasuna. Jendeak galdetzen dizu, "orduan zer zara, neska ala mutila?". Esan badizut gizon transexuala naizela, gizona naiz. Mina egiteko asmoa baino, informazio falta du jendeak.

Azpeitia herri txikia da, jendeak elkar ezagutzen du... Nola sentitu zara?

Ez dut inolako arazorik izan. Azpeitia da, eta ahoz ahoko lana egon da, noski. Norbaitena gerturatzen nintzenean esatera "modu batean ezagutu nauzu, baina Xabi naiz", esaten zidaten entzun zutela, baina ez zutela sinetsi. Ahoz ahokoa egon da, baina ez kontrako jarrerarik. Zurrumurrua asko zabaldu zen, baina arazorik gabe. Jendeak zalantzak ditu. "Nola deitu behar dizugu, orduan?", galdetu izan didate, baina hori esan didanak ez dit mina emateko galdetu, ez dakielako baizik. Nabarmena da.

Medikuntza aldetik babestuta sentitu al zara?

Argi eta garbi ikusi dut ez dutela behar adina informazio. Medikuarengana joan nintzenean, ez zekien zertaz ari nintzen. Ordurako elkarteekin harremanetan nengoen, eta medikuarekin sesioa izan nuen prozedura ez zekielako. Gai honen inguruan formakuntza falta dago. Gainera, Gurutzetako ospitalera joan behar dugu han unitate berezi bat dagoelako. Azpeitiko psikologiako taldea edo Zumarragako ospitaleko endokrinoak guztiz prestatuta baleude ere, eta zerbitzua deszentralizatu ezean, hara joan beharko nuke.

Transexuala zara, eta horren gainetik mutila.

Kontua da kalean transexualen eskubideen aldarrikapena egin behar badugu, komenigarria dela transexuala naizela esatea. Aldiz, ogia erostera baldin banoa, horrek ez dauka errelebantziarik. Ezagutzen ez dudan lagunen lagun bat etortzen bada gugana, ez du garrantziarik "hau transexuala da" esateak. Gainera, noberak erabakitzen du nora arte izan nahi duen agerikoa edo zer mailara arte nahi duen hitz egin edo azaldu. Kontu oso pertsonala da. Adibide bat jartzearren: albiste bat irakurtzen duzu, eta honakoa dio titularrak: 'Transexual bati loteria tokatu zaio'. Zer ekarpen egiten du transexuala dela esateak? Zenbat tokatu zaion izango da garrantzitsua, ezta? Hori da kontua.

Transexualitatea homosexualitatearekin ere nahasten da.

Bi kontzeptu oso desberdin dira. Transexualitatea nortasuna da eta orientazioa, berriz, zer duzun gustuko. Neska izanda, gustatzen bazaizkizu gorria, horia eta arrosa koloreak, transexual izanda gustuko izan ditzakezu kolore horiek. Hau da, emakumeak, gizonak, biak ala batere ez. Orientazio sexuala edozein izan daiteke. Egia da, kolektiboetan-eta borroka egiterakoan, lesbianak, gayak, transexualak, bisexualak eta intersexualak, denak zaku berean sartzen direla, borroka batera daramagulako. Gizarteak aurrera egin badu ere, homosexualitatea estereotipatuta dago oraindik, eta pertsona bat homosexuala dela esaten badizute, ezagutu gabe pentsatzen duzu femeninoa izango dela. Mutiko batek neskatoen gauzak egiten dituenean homosexuala dela pentsatzen da, edo pertsona bat oso maskulinoa bada, lesbiana dela, mutila dela pentsatu beharrean. Homosexual ez diren neska maskulinoak eta mutil femeninoak ere badaude.

Egunerokoan nola eragin dizu aldaketak?

Sortzen da egoera bat... Lan eske Xabi naizela esanez joaten naiz nonbaitera, kontratua sinatzeko NANa eskatzen didate, eta... ez dago aldatuta. Paper bat bete behar duzu, eta beti berdin. Unibertsitatean ere irakasleekin hitz egin, eta idazkaritzan matrikulako izena aldatu nuen. Egunerokoan garrantzia ematen ez nien gauzetan ditut orain oztopoak. Egunero akordarazten didate nire nortasuna ez dutela errespetatzen. NANa aldatzeko, esaterako, eskatzen dute bi urte medikutan ibiltzea. Psikiatrak ondo zaudela ziurtatzen duen paper bat eman behar diozu epaileari, hark NANa aldatzeko baimena emateko. Hormonak hartzeko, operatzeko... denerako behar dituzu baimenak. NANa dokumentu ofiziala da, eta aldatzeko eskatzen dut. Dokumentu horretan gezurrik ezin duzula esan suposatzen da, eta ni gezurretan bizitzera derrigortzen naute. Gezur hori zuzentzeko epailearen baimena behar dut, baina non geratzen dira nire autodeterminazio eskubidea eta hitza?