Ane Arenas: "Antzerki topaketen baitan beste ziklo bat sortu nahi dugu, goxoa eta informala"

Uztarria.eus 2014ko aza. 19a, 17:51
'Zertarako hegoak?' antzezlaneko argazkia. (Berria.eus)

Aste honetan amaituko dira XXXII. Antzerki Topaketak. Asteburuko obra gehienak, ordea, Gaztetxean esakiniko dituzte. Bihartik hasi eta zapatua bitartean ikusi ahal izango dira KonpotaZertarako hegoak? eta Espazio hutsak antzezlanak.

Amaierara iristen ari dira Azpeitiko XXXII. Antzerki Topaketak. Izan ere, igandean, hilaren 23an, amaituko dira emanaldiak, Soreasu antzokian esakiniko duten Barbantxo obrarekin, hain zuzen. Hala ere, dena bukatutzat eman aurretik, herritarrek aukera izango dute antzerki topaketen baitan "beste ziklo" bat ezagutzeko, hiru obra alternatibo eskainiko baitituzte Gaztetxean: KonpotaZertarako hegoak? eta Espazio hutsak.

 Azken urteetan, Gaztetxean antzezlan bakar bat ikusteko aukera izaten zuten azpeitiarrek, baina aurtengoan, hirukoiztu egin dute eskaintza: ostegunean, ostiralean eta zapatuan, Gaztetxeko ateak irekita egongo dira antzerkizaleentzat. Ane Arenas antzezle eta Gaztetxeko kideak azaldu duenez, beste urteetan ondo funtzionatu du Gaztetxeko antzerkiak, eta formatuari aukera bat gehiago ematea pentsatu dute: "Antzerki topaketen baitan beste ziklo bat sortu nahi dugu, goxoa eta informala". Arenasen hitzetan, Soreasu "oso ondo" dago, baina antzerki mota batzuentzat "hotz" gera daiteke. Hori dela eta, Gaztetxeko "ziklo berri" horrekin, jende berria, gertutasuna eta lagunartekotasuna nahi dituzte eskaini.

Bestalde, antzerkiak Gaztetxean jartzeak askatasuna ere eskaintzen die antolatzaileei. Izan ere, Gaztetxeko kideek antolatu dituzte antzezlanak, beraien gustuen eta irizpideen arabera. Haien hitzetan, saiatzen dira proiektu "berriei eta xumeei" aukera ematen, eta "finantzatzeko arazoak" dituzten artistak kontuan hartzen. Horrez gain, jakina, gustuko lanak eta herritarrentzat erakargarriak izan daitezkeenak hautatzen dituzte, beti ere, antzerki konpainia handietatik kanpo.

Aurtengo obrei begiratuta, Arenasek azaldu du emakumeen presentzia "oso egokia" dela, hiru obretan zortzi emakumek hartuko baitute parte. Antzezlanek zer pentsatua emango diete ikus-entzuleei, gainera. Konpota obrak generoaren gaia lantzen du, eta hausnarketarako bidea ireki dezake. Zertarako hegoak?, beriz, Berria egunkariaren hamargarren urteurrenaren harira sortutako antzezlana da, bertan asko lantzen dira keinuak eta gorpuntz hizkuntza. Espazio hutsak lanean, bestalde, musika eta olerkigintza uztartuko dituzte antzezleek.

Honakoa da egutegia:

  • Konpota: bihar, osteguna, 21:30ean.
  • Zeratarako hegoak?: ostirala, 21:30ean.
  • Espazio hutsak: zapatuan, 21:30ean.

Denentzat irekita

Ane Arenas antzezle eta Gaztetxo kideak nabarmendu du "herritar guztiak" daudela gonbidatuta Gaztetxera: "Badakit zenbaitek erreparoa sentitu ohi dutela, baina leku erosoa da Gaztetxea, eta herritar guztiak dira ongietorriak han". Beraz, azpeitiarrak animatu nahi dituzte antzerkiaz gozatzera, formatu xume eta gertuko batean. "Modu honetara, antzerki topaketei beste adar bat aterako diegu, antzerkiak herrian zabaldu egin behar baitute. Gauza gehiago egin daitezke antzerkia herritarrengana gerturatzeko, baina pauso bat izan da topaketen zati bat Gaztetxera ekartzea", esan du Arenasek.