Nagore Aranburu: "Kritika onak jaso izanak ez du esan nahi kultura zinematografikoa duenarentzat bakarrik denik"

Nagore Aranburu aktorea, 'Loreak' filmean.

Ez da geldirik egotekoa, eta ez dago geldi. Zorteko dela dio. Izan ere, proiektu bat bukatu orduko beste bat egokitu zaio Nagore Aranburu (Azpeitia, 1976) aktoreari. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean eman zuten Loreak filma, pasa den ostiralean estreinatu zuten zinema aretoetan Jose Mari Goenagak eta Jon Garañok zuzendutako lana. Azpeitiko Soreasun igandean eta astelehenean emango dute. Filmeko protagonista da Aranburu, Ane pertsonaiaren paperean.

Nola gogoratzen duzu Loreak filma egiteko aukera etorri zitzaizun eguna?

Jose Mari [Goenaga] eta Jon [Garaño] bistaz ezagutzen nituen Donostiatik. Hautaprobarako hots egin zidaten. Bi pertsonaiak egiteko proba jende dezenteri egin zioten; Itziar Aizpuruarena oso garbi zuten, baina beste biak aukeratzeko hautaketa egin zuten. Goizeko hamarretan egin nuen bi pertsonaietarako castinga. Handik hamabost bat egunera deitu zidaten Aneren papera egingo nuela esateko. Izugarrizko ilusioa egin zidan, azterketa bat edo selektibitatea gainditutakoan bezalaxe. Benetan ilusio handia egin zidan, poz handia hartu nuen.

Filmeko pertsonaiak zailtasun batzuk zituela esan duzu. Zergatik?

Oso pertsonaia barnekoia da: oso barrurakoa da, oso lotsatia, hitz egitea asko kostatzen zaiona, eta ez da ari oso momentu errazak pasatzen. Horrelakoetan, pertsonaia oso pasionala ez denean eta asko espresatzen ez duenean, oso zaila izaten da. Azken batean, interpretatzerakoan egon zaitezke sentitzen, baina horrek pantaila ez badu pasatzen, ez da ikusten; eta, horrelako sotilak diren pertsonaiek arrisku hori izaten dute askotan. Gutxirekin erakutsi behar da, eta ez ailegatzeko arriskua ematen du. Horren beldurra nuen. Baina, bai zuzendariek bai neuk bagenekien zer geneukan; haiekin konfiantza eduki nuen. Ikusi nuen haiei behintzat gustatzen zitzaiela nola ari nintzen, eta haiei kasu egin eta aurrera.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide