Erekzio gaitasuna hobetu

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Sancho Esnaola 2014ko ira. 10a, 10:31

Topaketa erotiko batean zehar zakilak tente egoteari uzten dioenean, eta hori arazotzat jotzen denean, esan dezakegu arazoaren kausa espektatiba oker bat ezarri izana dela.

Kausa fisikoak izaten dira batzuetan –diabetesa, adina, kolesterola, tabakismoa...–, baina gehienetan ideologikoa da arazoaren arrazoia. Pentsaera zehatz bat jarraitzen denean, erekzioak huts egitea are eta errazagoa da. Uste denean zakila dela topaketa erotikoaren ardatza, desiraren adierazle bakarra, erekziorik gabe topaketak ez duela zentzurik, sarketa ezinbestekoa dela eta, batez ere, zakilak topaketak irauten duen denbora GUZTIAN tente egon behar duela, orduan, huts egitea gerta daiteke. Beste modu batera esanda, zakilak ez du zertan tente egon beharrik denbora guztian; baina kontrakoa uste bada, orduan zakilak tente egoteari utzi diezaioke –ohikoa den bezala– eta arazotzat jo, berez inongo problemarik ez dagoenean.

Konpontzeko saiakerak

Zutikortasunak ez du zertan gizontasunaren neurri izan beharrik, ezta gutxiago ere. Gizontasuna bizitzako hainbat eremutan adierazten da: lanean, bikotean, lagunekin, jarreretan, ekintzetan... Erotismo partekatuan, aldiz, norbera izateko aukera paregabea da, demostraziorik egin beharrik gabe.
 
Askok, ordea, ez dute horrela bizitzen eta errendimendu ikuspegi batetik aritzen dira larrutan. Hortaz, 'zakilaren hutsegiteak' konpontzeko, zutiketan zentratzen dira eta juxtu orduan ezinezkoa da gertatzea.
 
Estresa, beldurra, presioa... plazeraren eta kilikaduraren antagonikoak dira.
 
Zakilaren gogortasuna sistema nerbioso autonomoaren menpe dago; hau da, bere kabuz doa, ezin da borondatez eragin. Juxtu asmoa, intentzioa, horretan jartzen denean, kontrako efektua lortzen da: desira desagerrarazten da eta, horrekin batera, gogortasuna.

Jarrera aldaketak

Sorgin-gurpiletik ateratzea ezinbestekoa da, orduan eta gehiago saiatu, orduan eta zailagoa baita gure helburua lortzea. Hortaz, irtenbidea bilatzeko egiten diren gauzak egiteari uztea behar-beharrezkoa da. Horrez gain, zutikortasuna joaten uzten ikastea oso garrantzitsua da, erekziorik gabe egoteko baimena norbere buruari ematea. Eta gizontasun demostrazioak alboratzea, intimitatearen testuinguruan. Eiakulatu ezean, zakila behin eta berriro jar daiteke tente. Erekzio bakoitza ‘aprobetxatu’ behar denaren urgentzia oso kontraproduzentea da; jaitsi baino lehen sarketa egin behar izatera behartzea, adibidez. Horrek, askori beste efektu bat sortzen die, nahi baino azkarrago eiakulatzea, zutiketa galtzearen beldur direlako.
 
Eremu genitalari garrantzia gutxiago emateak ere nabarmen hobetzen ditu bizipenak. Bost zentzumenek eskaini ditzaketen plazer eta zirraretan eramaten uzteak eta sakontzeak topaketei dimentsio berri bat ekartzen diete eta oso asebetegarria suertatu ohi da, askoren harridurarako.
 
Abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.