Hondakinen bilketarako eredu berria proposatu du Udal Gobernuak

Unanue, Epelde, Etxeberria eta Portilla, Udal Gobernuko kideak.

Edukiontzi komunitarioetan oinarritutako hondakin-bilketa sistema proposatuko du Udalbatzan gobernuak. Hori dela eta, hondakin organikoen eta errefusaren edukiontziek txipa izatea iradoki dute.

Udal Gobernuak edukiontzi komunitarioetan oinarritutako hondakinen bilketa eredu berria proposatu du. Udalbatzak, 2013ko maiatzean,  hondakinen bilketa edukiontzien bidez egitea erabaki zuen; beraz, erabaki horretan oinarrituta prestatu du proposamena gobernuak, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen hitzetan.

Edukiontzi organikoei eta errefusaren ontziei erangingo die aldaketak. Izan ere, txipa ezarriko zaie bi ontzi horiei. Errefusaren ontziei dagokienez, herritarrei esan egingo zaie zer ontzitara bota behar dituzten hondakinak. Gutxi gorabehera, 100 eta 150 herritarren artean elkarbanatuko dituzte edukiontziak. Beste aldaketa zera da, astean bi egunetan atera ahal izango dela errefusa. Astean bi aldiz, baina nahi den egunetan eta orduetan.

Udal Gobernuak azaldu duenez, aldaketa probestuko dute herriko edukiontziak berritzeko. Beiraren ontziak izan ezik, beste guztiak aldatuko dituzte, eta 300.000 euro gastatuko dituzte horretan. Udalaren arabera, "zaharkituta" gelditu dira orain arte erabilitako ontziak.

Sistema berria, ekarpenak egiteko irekia

ENT enpresak eginiko azterketan oinarrituta proposatu du EH Bilduren gobernuak hondakinak biltzeko eredua. Hala ere, esan dute "ekarpenei" irekia dagoela sistema, eta Udalbatzan landuko dituztela proposamena eta eredu berria abiarazteko data.

Udal Gobernuak badaki azpeitiarrek esfortzu handiagoa egin beharko dutela hondakinak biltzerakoan, baina eredu horrekin birziklatze tasa ona lortzea espero dute. Izan ere, helburua tasa hori %70era iristea da. Adierazi dute xedea lortzeko garrantzitsuak direla "formazioa, hezkuntza eta kontzientziazioa", eta horretan lana egingo dutela. Bestalde, hondakin sortzaile handientzat sistema bereziak pentsatuko direla esan dute, baita auzo-konposta landuko dela ere.

Eneko Etxeberria alkateak gogorarazi du Lapatx bezalako zabortegiak ixteko, "esfortzua" egin behar dutela herritarrek. Beraz, neurri horiekin, Udalbatzak joan den urtean onartutako %70eko birziklatze tasa lortzen saiatuko da Udal Gobernua.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide