Jeloskortasuna bikotean

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Sancho Esnaola 2014ko eka. 24a, 12:35

Bikote harreman batean, bestea galtzeko beldurra sor daiteke hirugarren baten etorrerarekin. Hirugarren hori bikote ohia, lankide berri bat, ezaguna edo ezezagun izan daiteke, eta ziurtasun-gabezia sakona sor dezake. Batzuetan mehatxuak badu bere funtsa, eta beste batzuetan ez gehiegi. Batzuetan ere gerta daiteke funtsik gabeko segurtasunik ezak, azkenean, benetan bikotea uxatu eta nazkatzen bukatzea.

Bikotekideak sufritu ez dezan, batzuetan informazio sentsiblea gordetzea erabaki dezakegu, hala nola, zein polita iruditzen zaigun norbait, bikote ohiarekin kalean topo egin izana, eta abar. Jeloskortasunari aurre egiteko metodo horrek, batzuetan, huts egiten du; izan ere, hain juxtu, informazio hori eman ez izanak zerbait ezkutatu beharraren susmoa sustatu dezake.
 
Bestetik, jeloskorra denak hainbat ekimen jartzen ditu martxan bere susmo txarrak konfirmatzeko, hala nola, bikotearen telefono mugikorrean kuxkuxeatzea, galdeketa 'poliziakoak' egitea, leku guztietara laguntzea... Horrek ere ondorio negatibo ugarri ekarri ohi ditu: bikotekideak izkin egitea, telefonoa inoiz baino gehiago zaintzea, eta abar. Katuaren eta saguaren arteko jokoa hasten da horrela, eta ondorioak nahiko larriak izan ohi dira.
 
Ikusi dugun bezala, sorgin gurpil batean sartzea oso erraza da, baina ez hainbeste ateratzea.

Aurre egiteko pauso batzuk

Lehenik eta behin, 'jeloskortasunaren jokoa'-ren goiko bi ekimen kaltegarriak ezagutu eta identifikatzea ezinbestekoa da, bakoitza zertan ari den ulertu ahal izateko. Formula magikorik ez egon arren, irizpide batzuk izatea onurgarria da. Bikotekideek euren harremana bitxia dela sentitzea ezinbestekoa da. Elkarrekikoa izatea, garrantzitsua izaten da oso. Eta, azkenik, indartsua. Hiru osagai horiek aztertu beharko lirateke lehenbizi.
 
Gizon eta emakume gehienok jeloskortasun maila handi edo txikiago batekin elkarbizi behar izaten dugu. Hori horrela izanik, hainbat helburu lortzea lagungarri suertatzen da, hala nola, ezjakitasun maila batekin bizitzea. Horrek esan nahi du gure bikotekidearen bizitzaren episodio, sentimendu, pentsamendu guzti-guztiak ez ditugula ezagutuko onartzea, eta misterioaren parte bat izatea.
 
Onartzen badugu gure bikotekideari beste gizon edota emakume batzuk ere gustatzen zaizkiola, bere fantasien parte direla... lasaiago bizitzeko aurrerapauso bat izan daiteke.
 
Ezinbestekoa da gure bikotekidea ez izatea gure lagun bakarra, gure konfidente bakarra, gure plan bakarra. Beste hainbat lagun –bai neska edo bai mutil–, plan, talderen parte izatea eta guk haietan gu geu izateko eta maitasun mota desberdinak adierazteko aukera izatean, gure bikotekidearen mundua ere zabala eta aberatsa izatea onargarriago irudituko zaigu ziurrenik.
Jeloskortasunaren sorgin-gurpilean harrapatuta bazaudete, eska ezazue laguntza irteera topatzeko!
 
Ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.