Zapatuan izango da Urrestillako San Joan herri krosa

Uztarria.eus 2014ko eka. 9a, 13:39
Iazko kroseko irudia.

Zapatua baino lehen doan eman daiteke izena. Larunbatean, lasterketaren egunean, jubenilek, seniorrek eta beteranoek 5 euro ordaindu beharko dituzte.

Ekainaren 14an, larunbatean, izango da Urrestillako festa batzordeak antolatutako San Joan herri krosa. 17:00etan hasiko dira lasterketak, eta adin guztietako lasterkariak arituko dira lehian.

Larunbata baino lehen www.herrikrossa.com webgunean izena ematea doakoa izango da maila guztietako korrikalarientzat. Lasterketa egunean, aldiz, jubenilek, seniorrek eta beteranoek 5 euro ordaindu beharko dituzte, Urrestillako plazan.

Maila guztietako lehenengo hiru sailkatuei garaikur bana emango zaie, eta parte hartzen duten haur guztiek domina eta oroigarri bana jasako dute. Horrez gain, parte hartzaile guztien artean Juan Cruz harategiko txuletak, gazta, Zabala sagardotegiko sagardoa eta Auntxa erretegian afaria zozkatuko dituzte.

Lasterketen ordutegia

  • 17:00etan: 0 urtetik 8 urtera arte (2.maila), 200 metroko ibilbidea.
  • 17:15ean: Benjaminak (3. eta 4.mailak), 550 metroko ibilbidea.
  • 17:30ean: Alebinak (5. eta 6. mailak), 950 metroko ibilbidea.
  • 17:45ean: Infantilak (DBH 1 eta 2 mailak), 1.190 metroko ibilbidea.
  • 18:00etan: Kadeteak (DBH 3 eta 4 mailak), 2.300 metroko ibilbidea.
  • 18:00etan: Jubenilak, 4.500 metroko ibilbidea.
  • 18:00etan: Seniorrak eta beteranoak, 8.850 metroko ibilbidea.