Giro ederrean ospatu dute Lagun Onak Eguna

Uztarria.eus 2014ko eka. 9a, 12:39

Eguraldia lagun, giro bikainean ospatu zuten zapatuan Lagun Onak eguna. Goizean Bixente Oiarzabalek eta Tomas Orbegozok eman zioten jaiari hasiera, txupinazoarekin. Gero, hainbat futbol partida izan ziren Garmendipeko zelaian, eta herri-kirol apustua ere bai. Mikel Larrañaga azpeitiar aizkolaria eta Haritz Iriarte lasterkaria Jon Irazu eta Joxe Apalantzaren kontra aritu ziren nor baino nor, eta Azpeitiko bikotea nagusitu zen. Eibarreko jokalariak ere bertaratu ziren Garmendipera, eta sinadurak banatzen aritu ziren bertan.

Beteranoek ere jokatu zituzten partidak. Aurrena nesken txanda izan zen, eta Lagun Onakeko neskak 1 eta 0 nagusitu ziren Anaitasunaren kontra. Gero, Lagun Onakeko gizonezko beteranoen txanda izan zen, eta 1 eta 2 galdu zuten Realaren kontra. Partidaren atsedenaldian Rodrigo Carrascosa omendu zuten, 40 urtez Garmendipeko atezaina izan dena.

Ondoren, bazkaria egin zuten jokalari eta entrenatzaileek Sanagustin kulturgunean, eta arratsaldean elektrotxaranga izan zen Alde Zaharreko kaleetan barrena. Gauean, berriz, kontzertuak izan ziren plazan.

Argazkiak, Juan Mari Amenabarrenak dira.