Merkatariek elkarretaratzea egin dute, Alde Zaharra eta plaza autoentzat zabalik nahi dituztela aldarrikatzeko

Uztarria.eus 2014ko mai. 20a, 16:53

Alde Zaharreko hainbat dendarik elkarretaratzea egin du gaur, asteartea, Alde Zaharra eta plaza autoentzat zabalik nahi dituztela aldarrikatzeko. Plazan elkartu dira eguerdian, eta Eneko Etxeberria alkateari gutun bat eman diote, eurek "negoziatzea" nahi dutela adierazteko. Iritziak trukatu dituzte Etxeberriarekin, eta gaiaz hitz egiteko bilera egitea adostu dute.

Udalak antolatuta ekainaren 13an, 14an eta 15ean egingo den herri-galdeketako galderetako bat izango da plaza oinezkotu, bai ala ez.

Hemen, Alde Zaharreko merkatariek alkateari eman dioten gutuna osorik:

Zeintzuk izaten dira erabaki politiko baten ondorioak sufritzen dituztenak? Kasu honetan gu, Alde Zaharreko merkatariak.

Erabaki politikoz kaleak itxi ziren bere garaian (piboteak ipiniz, eta horri 'peatonalizazioa' deitu zioten), erabaki politikoz herria Azkoitia aldera hazi da, erabaki politikoz diru pila bat gastatu da Soreasu egiteko... Gauza gehiago ere egin dira, baina erabaki politiko horiek lagundu dute dugun Alde Zaharra edukitzen: Soreasu, sekulako eraikuntza, hutsik (inork ez duena ez ikusten eta ez erabiltzen), kaleak hutsik, etxeak hutsik, dendak hutsik. Ez ote zaigu Alde Zaharra atzerritarren bizitoki bihurtzen ari?

Ez dugu ezer jendea Alde Zaharrera erakartzeko. EPA, euskaltegia, musika eskola, igerilekua, anbulatorioa... Horiek herriko beste gune batzuetan ipini ziren. Hori bai, Alde Zaharrean gaudenez, azpeitiar guztiak oinez etorri behar dira (berdin da zein adin duten: heldu, gazte, elbarri...) baina eskolara, erosketetara, igerilekura eta kiroldegira umeak autoz edo autobusez ematen ditugu Damaso Azkuetik eta Sanjuandegitik. Ez al da kontraesan handia?

Eta, dagoen egoera dagoela (krisi galanta!), zer eta orain plaza oinezkotu edo ez galdeketa. Zer ondo! Hauteskunde kanpainan sartzeko omen zen, eta ondorioak? Norbaitek pentsatzen al du ondorioekin? Plaza oinezkotu Alde Zaharra edukieraz bete aurretik, krisi egoerari aurre egin aurretik, aparkaleku alternatiboak egin aurretik... Plaza oinezkotu, eta zer?

Negoziaketa bat egitea nahi dugu Udala, tabernari, bizilagun eta dendarion artean, ez orain egiten ari zareten inposaketa!