Hiru proiekturen artean aukeratu beharko dute herritarrek, plaza nola eraberritu erabakitzeko

Uztarria.eus 2014ko mai. 16a, 18:47

Herriko hiru arkitektura estudiok egindako hiru proiektu izango dira aukeran, plaza eraberritzeko egingo den herri galdeketan. Herritarrek plaza berritzeko hiru proposamenen artean erabaki beharko dute, ekainaren 13an, 14an eta 15ean egingo den galdeketan. Plazaren itxura aldatzeari dagokion galderaz gain, beste bi galdera ere erantzun beharko dituzte herritarrek egun horietan: plaza oinezkotu, bai ala ez; eta kioskoa mantendu, bai ala ez.

Honakoak dira herriko arkitektuek plaza eraberritzeko aurkeztu dituzten proiektuak, herri galdeketan aukeran izango direnak:

1. aukera: Plazatik plazara izena duen proiektua 2RG estudioko Xabier Rezabalek egin du, eta "garrantzia plazari" eman nahi izan diola azaldu du proiekturaren egileak. Horrez gain, proiektuak Berdura Plazaren erabilera "bermatu" nahi duela esan du: "Berdura Plaza irekia izango da, eta plazarekin lotuta egongo da; lotura zuzena izango du. Plazara sarrera Astotegi aldean ere egongo da, horrela. Plaza irekiari, estalia ere eskaintzen zaio proiektu horretan. Berdura Plazaren albo batean, Zelai Luzera bidean, eskenatokia ere izango du plazak". Kioskoa kentzea proposatutzen du Rezabalek proiektuan: "Erabilera zaharkituta dago, eta ez ditu funtzioak betetzen irisgarritasunari eta segurtasunari dagokienez". Bestalde, plazaren zorua "berezia" izango da: "Autoak aparkatzeko, azokarako, danborradarako, moldatu ahal izango da". Pabimetua ajedrezeko taularen gisakoa izango du danborradako taldeak, azoka edo autoen aparkalekuak antolatzeko.

2. aukera: Irudika estudioko Maider Olaizolak egin du, eta "dagoena mantendu eta gaurko beharrei erantzungo dien plaza" proposatzen du. Hiru ezaugarri ditu proiektuak. Batetik, plazaren irudia mantentzen du eta, beraz, kioskoak eta arkupeak jasota daude plazaren eraberritzean. Dena den, "Azpeitiko zati diren sinboloak berritzea" proposatzen du. Bestetik, Alde Zaharreko zoruari segida eman, eta adokina jartzea proposatzen du Olaizolak, adokinak jartzeko moduak "kioskoari garrantzia" emango diola azpimarratu du. Azkenik, plaza ibairantz zabalduko da.

3. aukera: Hirugarren proiektua Landatek estudioko Gaizka Larrañagak egin du, eta azaldu duenez, "kioskoak abantailak baino desabantaila gehiago ditu". Hori dela-eta, kioskoa "kentzea" proposatu du proiektuan: "Zaharkituta dago, funtziorik ez du betetzen eta berritzeak lan handia eskatzen du". Azpeitiko plaza, gainera, "aldapan" dagoela azpimarratu du Larrañagak, eta horri aterabidea emateko, Berdura Plazaren aurrean eskailerak agertzen dira bere proiektuan. Gainera, Berdura Plazaren parean plataforma finkoa izango da, kioskoaren partez, kontzertuak-eta direnerako. Zoruari dagokionez, berriz, plaza Alde Zaharrarekin elkartzea proposatzen du, adokinaren bidez.

Herritarrentzako informazioa

Datorren astetik aurrera modu desberdinen bidez jasoko dute herritarrek herri galdeketaren eta eraberritzeko aurkeztu dituzten hiru proiektuen gaineko informazioa. Horrenbestez, asteazkenean, hilak 21, Udalak bilera deitu du Alde Zaharreko bizilagunekin. Baigeran izango da, 19:00etan hasita, eta azaldu dute han bizilagunen zalantzak-eta argituko dituztela.

Ostegunean, berriz, Udal ordezkariak eta proiektuak egin dituzten arkitektuak udaletxeko arkupetan izango dira, hala nahi duten herritarrei azalpenak ematen. 

Bestalde, informazio panelak jarriko dituzte Betharrametako eraikinaren kanpokaldean eta Sanjuandegiko Baigera atarian, eta hiru ikastetxetako ikasleei azalpenak emango dizkiete Udal ordezkariek, "16 urtetik gorako herritar guztiek dutelako herri galdeketan parte hartzeko aukera, eta parte hartzera animatzeko". 

Gainera, eskuorriak jarriko dituzte eskuragarri herriko hainbat txokotan, eta etxez etxe ere banatuko dituzte eskuorri horiek, galdeketarako orriekin batera.