Lapatxen itxiera "oraingoan egi bihurtzea" espero du EAJren udal taldeak

Uztarria.eus 2014ko ots. 19a, 18:22

"Ez dugu nahi azken momentuko aitzakiarik berriro itxiera atzeratzeko", esan du Aitor Gorrotxategi bozeramaileak.

Lapatx "inolako baldintzarik gabe ixtea" eta "Errazkin diputatuak 2015eko apirilean itxiko dela esanez egin duen iragarpena oraingoan betetzea exijitzen" du Azpeitiko EAJren udal taldeak.

Aitor Gorrotxategi bozeramaile jeltzaleak esan du "ez dela aurreneko aldia, Bilduk Lapatx ixteko epea iragartzen duena", 2012ko ekainaren 6an zabortegiak dituzten hiru herrietako alkateek -Azpeitia, Beasain eta Zarautz- "2014ko abenduan itxiko ziren hitza" emanez egin zuten agerraldia gogora ekarrita; Gipuzkoako Foru Aldundiak zabortegiak 2014ko abenduaren 31rako itxiko zituela iragarri ondoren etorri zen alkateen agerraldi hura. "Orain, iragarpen berri honekin, itxiera epea lau hilabetez atzeratzen da, baina espero dugu oraingoan egi bihurtzea. Ez dugu nahi azken momentuko aitzakiarik berriro itxiera atzeratzeko", gaineratu du Gorrotxategik.

Lapatxen itxiera egiaztatzearekin bat, hondakinen kudeaketarekin lotutako azpiegitura berririk ere ez du nahi herrian EAJren udal taldeak. "Era berean exijitxen dugu -diote- Lapatxeko lurretan edota Azpeitiko eremuetan ez kokatzea inerteen zabortegi berririk".

Akordioa gauzatzeko urtea

Lapatxen itxieraren iragarpen berriaren balorazioa egin ondoren, Azpeitiko Udalari "zabor bilketaren arazoari behingoz heltzea" dagokiola nabarmendu dute jeltzaleek. Beste behin, "osoko bilkura batean aho batez hartutako erabaki bat" badela ekarri dute gogora, jeltzaleen esanetan "bosgarren edukiontziaren sistema garatzeko" hartua izan zena. "2014. urteak izan behar du onartutako akordioa gauzatuko den urtea, beste inolako atzerapenik gabe. Gainera, aurrekontuetan bide hau lantzeko EAJk 30.000 euroko partida aurkeztu eta onartu zen".

Hondakinen erreziboan konposta egiten dutenei ezartzen zaien %25eko hobari bera bosgarren edukiontziaren erabiltzaileei ezartzea ere eskatu du berriro EAJren udal taldeak.