Lapatx 2015eko apirilean itxiko dutela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiko, Urola Kostako Udal Elkarteko, GHK-ko eta Zarauzko Udaleko ordezkariek agerraldia egin dute gaur, asteartea, Zarauzko Urteta zabortegian. Gipuzkoako zabortegien itxiera epe eta denboretan zehaztu dute, eta ixten aurrena, 2014ko abenduan, Urteta izango da. Gero, 2015eko apirilean, itxiko dute Azpeitiko Lapatx zabortegia, eta 2015 bukaera arte itxaron beharko du Beasaingo Sasietak. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko, Urola Kostako Udal Elkarteko, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko eta Zarauzko Udaleko ordezkariek agerraldia egin dute gaur, asteartea, Zarauzko Urteta zabortegian. Bertan, Gipuzkoako zabortegien itxiera epe eta denboretan zehaztu dute, eta baita hondakinak kudeatzeko proiektua ere.

Gipuzkoako zabortegietan ixten aurrena, 2014ko abenduan, Urteta izango da. Gero, 2015eko apirilean, itxiko dute Azpeitiko Lapatx zabortegia, eta 2015 bukaera arte itxaron beharko du Beasaingo Sasietak. Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu diputatuak esan duenez, "2015 amaierarako azpiegitura guztiak martxan, eta zabortegi guztiak itxita izango ditugu". "Urtetako zabortegiaren argazki hau ez da iraunkorra. Porrotaren irudia da. zarbortegirik gabeko Gipuzkoa nahi dugu", gaineratu du Errazkinek.

Aurkeztu duten proiektuak Europako hierarkia "zorrozki" betetzen duela adierazi du GHK-ko lehendakari Ainhoa Intxaurrandietak. Proiektuko azpiegiturak egiteko aurrekontua 131 milioi eurokoa izango da.

Errazkinek nabarmendu du adostasuna lortu nahi dutela beste alderdi politikoekin. Proiektua Batzar Nagusietan ere eztabaidatuko dutela adierazi du. "Indar guztiak jarriko ditugu adostasuna lortzeko".

Iñaki Errazkinek duela aste batzuk iragarri zuen Lapatx, Sasieta eta Urteta zabortegiak ixteko proposamena aurkeztuko zutela asteotan. Proiektuaren xehetasunak igandean eman zituen Berria-k eta, besteak beste, 2014-2015 bitartean konpostatze plantak, tratamendu
mekaniko-biologikorako planta bat eta hondakin bizigabeetarako gordailu bat eraikitzea aurreikusten dute.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide