Manex Castrorentzat 44 urteko kartzela zigorra berretsi du Gorenak, Inaxio Uriaren hilketagatik

Uztarria.eus 2014ko ots. 11a, 17:35

Joan den urtarrileko kasazio bistan auzitegi bereko fiskalak eta AVT-k egindako eskaerarekin bat egin eta Auzitegi Nazionalak 2013ko martxoan ezarritako zigorra babestu du Auzitegi Gorenak.

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Auzitegi Nazionalak Manex Castrori Inaxio Uriaren hilketan parte hartzeagatik ezarritako 44 urteko kartzela zigorra.

Gaur, asteartea, jakinarazi du erabakia Auzitegi Gorenak, joan den urtarrilaren 15ean Castroren defentsaren eskariz egin zen kasazio bistan adierazitakoaren gainean. Bista hartan, zigortuaren defentsak Castro Uriaren hilketarekin lotzeko "proba nahikoa ez" dagoela eta Castrok "Uriaren hilketaz ezer ez zekiela" argudiatu zuen. Goreneko fiskalak eta AVT terrorismoaren biktimen elkarteak, aldiz, Auzitegi Nazionalean egindako epaiketan Castrok azpeitiar enpresaburuaren hilketan izandako partaidetza frogatuta gelditu zela eta, beraz, ezarritako zigorra berrestea eskatu zuten. Azken eskaera horri arrazoia eman dio orain Auzitegi Gorenak, zigorra berretsita.

Espainiako Auzitegi Nazionalak iazko martxoan jakinarazi zuen Inaxio Uriaren hilketarekin lotuta joan den urteko urtarrilaren 30ean epaitu zituzten Manex Castro eta Iraitz Santa Cruzen epaiak: Castrori 44 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta Santa Cruz absolbitu egin zuten.

2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk Inaxio Uria, Loiolan, tiroz. Altuna y Uria Azpeitiko enpresako arduradunetakoa zen eta 71 urte zituen.