Amets Arzallus: "Iparraldean doazenek daramaten hizkuntza eta datozenek dakartena erabat desberdina da"

Uztarria.eus 2014ko urt. 8a, 14:28

Atzo, asteartea, 190 bat lagun izan ziren Sanagustin kulturgunean, Amets Arzallus bertsolariaren eta Estitxu Elduaien kazetariaren arteko solasaldiaz gozatzen. Bertsolaritzaz, Txapelketa Nagusiaz, Euskal Herriaz eta bestelakoez jardun zuten. Hurrengo Aho bizarrik gabe martxoan izango da. 

BECeko olatutik hiru aste eta bi egunera, oraindik aparretan-edo, iritsi zen Amets Arzallus Euskal Herriko bertsolari txapelduna Sanagustin kulturgunera, Aho Bizarrik Gabe solasaldien baitan. "Ilusioari eutsiz, baina aurrera begiratzeko gogoz" dagoela aitortu zuen bertaratutako 190 lagunen aurrean: "Batzuetan denbora oso azkar pasatzen dela dirudi, eta oso makal bestetan. Pozik nago, baina neke puntuarekin”. Era berean, azaldu zuen, finala ez duela oraindik aztertu: "Badut gogoa, neu bakarrik jarri eta hasi eta buka ikusteko. Baina, aski kostatzen zait nire burua ikusi eta entzutea".

Estitxu Elduaien azpeitiar kazetariak jarritako puntuei erantzun behar izan zien atzokoan hendaiarrak, eta bertso saioetako gisan, denetariko gaietara egin zuten jauzi; bertsoaren indarretik bertsolarien jardunera, txapelketatik plazara, ospakizunetatik ospakizunaren ondorenera, Euskal Herrian barrena Iparraldetik Hegoaldera, eta bertsolari nahiz kazetaritik Amets Arzallusera.

Joanito Dorronsorok Euskal Herriko txapela jantzi zionetik egun batzuk igaro diren arren, "txapela norbere buruan ikustea kostatu" egiten dela, "arraroa" dela eta ez dela "gehiegi ere ahalegintzen" azaldu zuen: "Aurretik txapeldun izandakoak ezagutu ditut, eta nik miresmen puntua nien haiei, baina lehen pertsonan bizitzea zaila da. Ibiltzen segitzeko ilusioa daukat, behin gailurrera iritsiz gero jaistea beste aukerarik ez dago-eta".

Ongietorri edo omenaldi ugari egin diote Arzallusi txapela irabazitako biharamunetan, eta Hendaiako Ikastolako ospakizuna "goxoa" izan zela nabarmendu du. Hendaiako herriko etxean-eta egin zioten omenaldia, baina "hauteskundeetako intentziorik gabe zoriondu nautenek poztu naute gehien. Adibidez, lehengo batean Zarautzen kalean nindoala ume koskor batzuek 'zorionak' eman zizkidatenean hartu nuen poz handien".

BEC-eko kontuak

Herritarrek solasaldia baino lehen bidalitako galderetako bat izan zen BEC-eko finalean Ametsen aldeko giroa zegoela-eta, epai-mahaia baldintzatu ote zuen horrek. Arzallusek erantzun zuenez, "ez bai, eta ez ez, nik ahal nuena egin nuen. Dena den, hipotetikoki haizea alde balego, sortzen diren haize guztiak norberak sortutako hauspotik etortzen dira. Lehen ere antzekoak pasatu dira. Egin gabe inor ez da iristen".

Bertsolarien arteko giro ona benetakoa al den ere galdetu zion Elduaienek, eta Arzallusek honakoa erantzun zion: "Nik uste ez balitz benetakoa ez zirela 13.000 lagun giro horretan bilduko. Desprestigioa badago eta sinesgarritasun gabezia  bankeroekin, politikariekin, errege-etxearekin… dagoen bezalakoa, nik uste ez zela halako erantzunik izango. Finalean taldean sentitu ginen, eta hain ona izan bazen, igoal, horregatik izango zen".

Bertsozaleak eta bertsolariak

Arzallus berak aipatu zuen aurrena BEC-en 13.000 lagun izan zirela, eta txapelketako irudi hori bertsolaritzaren benetako isla al den galdetuta "txapelketaren eta plazaren dimentsioak bereizi egin behar" direla azaldu zuen Arzallusek. "Bi errealitate eta bi plano dira, bata bestera eramateko asmorik gabe. Gure bizitoki naturala areto honen (Sanagustin kulturgunea) tamainakoa da. Gure bertsoaren jokalekua hau da. Gero iristen da txapelketa nagusia eta desberdina da. Bertsozaletasuna kopuru trinkoan".

Arzallusen aburuz, "bertsolaria ez da beste munduko ezer, eta mundu honetan txertatuta egotea  hobe da bertsolariarentzat, hobeto jarduteko bertsotan". Aita, Jesus Arzallus, zuen bertsolaria Ametsek, eta "aita bertsolari izan ez balitz eta Hendaian bertso eskolarik ez balego, auskalo zer izango nintzen galdetu izan diot neure buruari".

Euskal Herriaz

Ametsen aita Goiazkoa bada ere, Hendaiara errefuxiatu zen. Amets Hendaian sortu zen eta "aitak gu koxkortu arte ez zuen mugarik pasatzen. Oharkabean bada ere sartzen da errealitate hori. Konturatzen ez banintzen ere sartu zitzaidan errealitate hori burura". "Zenbait galdera bertsotan errazago" erantzuten dituela aitortu bazuen ere, gatazkaz ere aritu zen, eta "sakoneko errekak dira garrantzitsuenak" azpimarratu zuen. "Urgentziak indarra kentzen dio inportanteari. Geu izaten lan egin behar dugu mapetatik haratago, mapak behar diren arren. Mapetan forma eman behar zaio herriari eta barruari substantzia eman. Bestalde, presoen errealitatea konpontzea beharrezkoa da aurrera egingo bada".

Ipar Euskal Herrian bizi duten errealitateaz ere mintzatu zen, eta euskaldunaren ametsak han eta hemen "desberdinak" direla esan zuen. "Iparraldean doazenek daramaten hizkuntza eta datozenek dakartena erabat desberdina da. Haienak kantitate eta kalitate handia du. Datorrena oso pobrea da. Etorkizuna ereiteko kasik baratza bakarra ikastolak dira Iparraldean".

"Sinboloa badu txapela Iparraldera joan izanak, eta sinboloak abantailak izaten ditu. Balia badaiteke utziko diet balia dezaten. Txapela Hernanin zegoenean ez nuen soilik Hegoaldean ikusten, Euskal Herrian ere bai. Ez nuke txapela mugaz alde batera edo bestera kondenatu nahi, balio badu Hendaian eta Iparraldean bertso mundua eta hizkuntza kontuan hartzeko".

Afizioz eta ofizioz

"Txikitan galdetzen  digute ikastolan zer izan nahi dugun eta abanikoa irekita daukagu artzain izatetik arkitektora arte. Zalantzarik ez nuen izan nik. Mutil koskorretan Reala entzuten ari ginela, golak kantatu nahi nituela esaten omen nuen. Gero, gol gutxiago sartzen hasi ziren hemen dauden batzuk (Mikel Labaka eta Mikel Aranbururi erreferentzia eginez) eta... Izango nintzateke beste zerbait beharbada, baina kazetaria naiz"."Jende asko ezagutzeko balio" izan diola esan zuen, eta pertsona bezala kazetari lana "oso emankorra" egin zaiola.

Kazetari bai, baina elkarrizketatzaile moduan aritu da azken aldian: "Badu zerbait elkarrizketagile izateak. Pertsona ezagutzeko aukera ematen du. Elkarrizketa luze samarra egitea eskatu didate askotan, eta horrek ere badu zerbait. Aurrez lanketa eskatzen du, pertsona ezagutzen dugu gutxi edo gehiago, transkribatu behar duzu; lan luzea da, baina emankorra”. Evo Morales ere elkarrizketatu zuen behinola: "Zerrenda osatzeko aukera eman zidaten eta erronka gisa jarri nuen Bolibiako presidentearen izena. Komunikazio gabinetea izaten dute normalean, atea irekitzeko baino ixteko. Aitaren osaba bat obispoa izan zen Bolibian, eta ni ateoa izanagatik obispoak ireki zizkidan zeruko ate haiek. Bi aldiz egon ginen berarekin, eta harritu nintzen ez zizkidalako galderak aurrez bidaltzeko eskatu; zer esan eta, bereziki, zer ez esan pentsatzen aritzen dira-eta normalean. Hark jario izugarria izan zuen, ez zuelako gero leituko agian". Osaba obispoari esker elkarrizketatu zuenez Morales, Elduiaienek galdetu zion ateak zabaltzeko munduko obispo guztien laguntza izango balu, zein elkarrizketatuko lukeen gustura. "Venezuelako presidente zena elkarrizketatuko nukeen, eta obispoak behin hura elkarrizketatzeko ateak irekiko balizkit, beste ordubete eskatuko niokeen Lazkao Txiki eta Xalbadorrekin elkarrizketa izateko. Eta, behin hortara jarrita, zergatik ez ibili laurok musean".

Galdera zeure buruari

Honakoa luzatu zion solasaldiaren bukaeran Elduaienek Arzallusi: "Ametsek beste Amets ezagutzen du, eta galdetu dio ia ez al dion lotsarik ematen hainbeste jenderen aurrea edozertaz hitz egiteak", eta Arzallusek "lotsa ematen diola" erantzun zion: "Nahiko zalantzatia naiz, baina ahalegintzen naiz ahalik eta sinzeroen izaten, eta zorrotzen. Lotsa pixkatekin etorri naiz eta lotsa pixkatekin noa. Baina zenbait galdera bertsotan errazago erantzuten dira; bertsoak babestu egiten gaitu".