Eingo al deu?

Erabiltzailearen aurpegia

Zazpi hilabeteren ondoren, antzerako puntuan gaude.

Badira zazpi hilabete gure Udaleko talde politiko nagusiek akordio "ona eta zabala" lortu zutela.

Akordioaren ondorengo egunetan harro agertu ziren komunikabideen aurrean beren adostasuna azalduz eta herritarrak berziklatzera "animatuz".

Batzuk txipa buruan eta besteek Zero Zabor maindirea aurrean.

Pasatu diren zazpi hilabete hauetan ezer gutxi aldatu da herrian hondakinen inguruan. Alde Zaharrean lurrean utzitako hondakinak biltzeari utzi zaio (aspaldiko udal ordenantza aplikatzen  hastea besterik ez da izan hori), kanpainaren barruan zenbait talde eragilerekin akordioak sinatu dira (ikastetxeak, sozidadeak...), urrats batzuk eman dira, baina benetako pauso garrantzitsurik ez da eman.

Herritarrek beren esku dauden mugimenduak emateko intentzioa erakutsi dute (auzo-konpostarekin eta 5. edukiontziarekin). Herritar horiek egin dutena txalogarria iruditzen zaigu, baina herritarrek beren eskura dauzkaten baliabideen araberako borondatezko pausoak, pauso antzuak dira hondakinak sailkatuta bildutako portzentaia % 30etik % 70era igo nahi badugu.

Udal gobernuak pasa den astean aurkeztu ditu 3 bilketa proposamen, beren kostu eta guzti, oposizioaren bedeinkapena jaso nahian.

Oposizioak aurkezpenean txintik ez esan eta ondoren idatzi bat aurkeztu du. Eta idatzi horrek edozein herritarrek egindako txantxa bat dirudi, ez herriko bigarren talde politiko nagusiak osatutako idatzi serio bat.

Azpeitia Zero Zaborrek uste du badela garaia gaia seriotasunarekin hartzeko.

Herritarren zati handi bat hondakinak sailkatzeko borondatez dago.

Gure herriko hondakinen sailkapen portzentaia nola igotzen den ikusi nahi du.

Gure politikariak pausoak ematen ikusi nahi ditu.

Prentsaurrekoak, akordioak, asmoak, aurkezpenak, etabar alde batera utzita, erabakiak hartu eta benetako pausoak emateko garaia da, aldaketa benetan martxan jartzeko ordua da.

Zero Zabor bidean pausoak ematen hasi, hondakinak sailkatuta bildu, errefusa gutxitu eta Lapatx itxi.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide