Sevilla II-ko egoera, bere gordintasunean

Uztarria.eus 2013ko aza. 29a, 13:56

Atzo, osteguna, utzi zuten Sevilla II-ko hamahiru euskal presoek gose greba eta itxialdia. Borrokaldia egin duten presoen artean da Javi Agirre azpeitiarra, eta Uztarria.com-ek Agirreren senideekin hitz egin du Sevilla II-ko presoen egoeraz-eta.

31 egun borrokaldian pasa ostean, atzo, osteguna, utzi zuten Sevilla II-ko hamahiru euskal presoek gose greba eta itxialdia. Jabi Agirre azpeitiarrak, eta Iker Agirrek, Gurutz Agirresarobek, Koldo Apariciok, Iñaki Arakamak, Asier Arzalluzek, Juan Mari Etxebarriak, Garikoitz Etxeberriak, Jesus Goikoetxeak, Manuel Gonzalezek, Juan Lorenzo Lasa Mitxelenak, Roberto Lebrerok zein Urtzi Paul Larreak hartu dute parte borrokaldian.

Osasun arazoak tarteko utzi behar izan dute borrokaldia, eta Uztarria.com-ek Jabi Agirre azpeitiar presoaren senideekin hitz egin du borrokaldia bukatu ostean. Agirreren senideen arabera, Sevilla II-ko euskal presoak "isolamendu erregimenean dauzkate" azken lau urteotan: "Bizi erregimen gisa aplikatu diete isolamendua, eta mugagabea da iraupena. Gainera, patiora egunean lau orduz ateratzen dira, eta bi egunetik behin 26 ordu jarraian edukitzen dituzte zelda barruan. Horrez gain, ez dute inongo jarduerarik egiteko aukerarik; ez dute aktibitaterik kartzela barruan. Denbora pasatu ezinda egoten dira". Sevilla II-n dauden euskal presoak sakabanatuta dituztela ere salatu dute Agirreren familiakoek: "Patiora ateratzen direnean Jabi, adibidez, beste bizpahiru euskal presorekin egoten da, eta gainontzekoekin egoteko aukerarekin ez du izaten. Ezta preso sozialekin ere".

Oinarrizko eskubideak urratuta dituztela ere azaldu dute: "Osasun asistentzia eskasa daukate, berogailua herenegun piztu zieten aurrenekoz, gose greban zirela mantak kendu zizkieten… Hori gutxi ez, eta etengabeko jazarpen eta erasoak ere jasan behar izaten dituzte, eta horiekin bukatzea eskatzen dugu. Izan ere, batzuk ez dituzte eskutitzak jasotzen, eta egunero mihaketak izaten dituzte". Horri lotuta, zeldak erregistratzen dizkiotela ere esan dute Jabi Agirreren senideek. "Beraien gauzak hartzen dituzte funtzionarioek, presoak patioan direla joaten dira zeldetara, eta Jabik esaten zigun kartak-eta falta zitzaizkiola. Beste presoen senideekin hitz egiten genuen eta haiek esaten ziguten beraien senide eta lagunei ere gauzak falta zitzaizkiela. Probokazioak ere jasan behar izaten dituzte bisita ondorenetan-eta, batez ere. Sevilla II espetxe gogorra da eguneroko bizitzarako, oinarrizko eskubideetatik hasita".

"Geu bisitara joaten garenean beti pentsatzen dugu geure baitan zerbait pasako zaigula. Beti beldurrez joaten gara. Adibidez, bisita daukagu asteburuan, eta bidaia hartuta dugu. Jabik zapatuan 09:00etarako eskatu du bisita, baina funtzionarioek 12:00etan jarri digute hitzordua, eta oraindik ez dute aldatu. Zain gaude".

Herritarren babesa

Joan den ostiraletik zapatura bitartean baraualdia egin zuten hainbat herritarrek, eta "guretzat halakoak egitea izugarria da", azaldu dute Agirreren gertukoek. "Horrelakoak asko baloratzen ditugu, indarra eta elkartasuna ematen digute-eta. Jendea Jabirekin, gurekin eta denekin gogoratzen dela jakitea pozgarria da".

Manifestazioa igandean

Sevilla II-ko presoei elkartasuna adierazteko manifestazioa izango da igandean Donostian, Bulebarrean. Agirreren familiakoek jendeari bertaratzeko deia egin diote: "Giza eskubideak bermatzea eskatzen dugu. Presoen baldintzak hobetzea. 31 egun egin dituzte gose greban eta itxialdian, eta ikusi egin behar da zein egoeratan dauden… Gainera, zuzendariaren aldetik ez da ikusten aldaketarik emango denik (asteartean salatu zuten borrokaldian ziren euskal presoen herrietako EH Bilduko hautetsiek, Azpeitikoek tartean, Sevilla II-ko zuzendaritza ez dela jarri presoekin harremanetan). Egunak joan eta egunak etorri, han daude eta begira nola, gainera".