Hilda aurkitu dute igande goizetik desagertuta zegoen gaztea

Uztarria.eus 2013ko aza. 26a, 10:43
Lasaon aurkitu dute Jon Contrerasen hilotza. (Nerea Uranga)

Lasaoko gasolindegiaren parean, Urola ibaian, aurkitu dute igande goizetik desagertuta zegoen Jon Contreras azpeitiar gaztearen hilotza. 09:40ak aldean norbanako batek ikusi du gaztearen gorpua ibaian, eta ertzainei abisatu die. Contrerasen aldeko hileta elizkizuna gaur, asteazkena, izango da, 19:00etan, parrokian. Azken ordukoa (asteazkena, 10:30): Ertzaintzak jakinarazi duenez, autopsiaren lehen datuen arabera gazteak ez du indarkeria zantzurik, eta hilketaren hipotesia baztertu egin dute.

Lasaoko gasolindegiaren parean, Urola ibaian, aurkitu dute igande goizetik desagertuta zegoen Jon Contreras azpeitiar gaztearen hilotza. 09:40ak aldean norbanako batek ikusi du gaztearen gorpua ibaian, Uresaundi eta Oielantzun baserrietako bidegurutze inguruan, eta ertzainei abisatu die. Herrizaingo Sailak baieztatu du Contrerasen gorpua zela aurkitutakoa, eta hipotesi nagusia da ibaiak eraman duela bertaraino.

Bidegurutze zati bat zintekin itxi dute, eta berriz zabaldu, Contrerasen gorpua eraman dute eta handik, 11:30 aldean. SOS Deiak laguntza zerbitzuko kideek Udaltzaingoari jakinarazi diotenez, gorpuak ez du indarkeria zantzurik, baina autopsia egingo diote gazteari.

Azpeitiko Udalak "samina" adierazi du Contrerasen heriotzaren karietara gaur eguerdian komunikabideetara igorri duen oharrean. Ildo beretik, gaztearen senide eta lagunei "doluminak eman eta elkartasuna adierazi" nahi izan dizkie "une latz hauetan". Horrez gain, gertaeraren nondik norakoak "ahalik eta azkarren argitzeko" eskatu du Udalak.

22 urteko gaztea larunbat gauean Azkoitira joan zen jaietara, eta igande goizean ikusi zuten azkeneko aldiz. Contrerasen familiak igande arratsaldean eman zuen desagerketaren berri Azkoitiko ertzainetxean.

Atzo, astelehena, Azkoititik Iraeta bitartean ibai ertzean-eta haren bila aritu ziren gaztearen senide eta lagunak, eta gaur ere bila aritu dira Ertzaintzarekin batera. Ertzaintzaren mendiko eta urpekaritzako taldeak aritu dira gaur bilatze lanetan. Horiez gain, Gurutze Gorriko eta herri-babeseko kideek ere jardun dute gaztearen bila, eta Ertzaintzaren bilaketa lanetan berezitutako txakurrak eta helikoptero bat ere erabili dituzte.

Contrerasen aldeko hileta elizkizuna gaur, asteazkena, izango da, 19:00etan hasita, Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.

Azken ordukoa (asteazkena, 10:30): Ertzaintzak jakinarazi duenez, autopsiaren lehen datuen arabera gazteak ez du indarkeria zantzurik, eta hilketaren hipotesia baztertu egin dute. Ertzaintzaren arabera, istripua da hipotesi nagusia, baina ikerketarekin jarraituko dutela gaineratu dute.