Dagoeneko eska daitezke Urola Erdiko ekintzaile proiektuentzako laguntzak

Urola Kostako Hitza 2013ko aza. 20a, 13:39
Alazne Larrañaga, Eneko Etxeberria eta Iñaki Portilla, Tokiko ekintzailetasuna sustatzeko diru laguntzen berri ematen astelehenean, Azpeitiko Udaletxean. (Nerea Uranga)

Egitasmoren baterako ideia dutenak ostirala, hilak 22, baino lehen Iraurgi Berritzen-era zuzentzeko eskatu dute.

Enplegu Planaren barruan Tokiko Ekintzaile proiektua jarri du abian Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bidez, eta Urola Erdikoek (Azkoitia, Azpeitia, Aizarnazabal, Beizama, Errezil edota Zestoakoek) aste honetan eman behar dute izena. Azpeitiko Udalera edota Iraurgi Berritzen-era (943-85 11 00 da telefonoa) jo behar da horretarako, ostirala baino lehen. Proiektuako diru laguntzak enpresa ideia berriak sustatzen dituzten pertsonentzako eta enpresa jarduera berriak martxan jartzera bideratzeko daude. Bi kasuetako batera aurkezteko ezinbestean langabetua izan behar da, eta Lanbiden enplegu eskatzaile bezala izena emanda egon behar da.

Urola Erdiko eta batik bat Azpeitiko "egoera larriaren aurrean", udalek duten "lehentasuna enplegua sortzea" dela adierazi du Eneko Etxeberria alkateak, tokiko ekintzailetasuna sustatzeko diru laguntzen berri ematerako orduan. "Udaletan eta garapen agentzian horretan ari gara burubelarri lanean. Bailarako Enplegu Plana egin genuen, baita diagnostikoa eta Ekintza Plana ere. Jaurlaritzak Lanbideren bidez emango dituen diru laguntza hauek horren baitako lerro batzuk laguntzeko balioko dute", nabarmendu du Azpeitiko alkateak.

Urola Erdira bideratutako diru laguntzak Iraurgi Berritzen-ek koordinatuko ditu; Alazne Larrañagak izango du ardura. Proiekturen bat duten bailarako herritarrak galdetzera animatu ditu Etxeberriak. "Ideiaren bat edota martxan jartzeko proiekturen bat duen edonork galde dezala, edota edozein zalantza izanez gero joan dadila garapen agentziara, Iraurgi Berritzen-era". Baina azkar ibiltzeko eskatu dute, diru laguntzetara aurkezteko epe motzak eta mugak jarri dituztelako.

Tokiko ekintzailetasun proiektuak laguntzeko egitasmoak bi lan lerro ditu: batetik, ideia berri bat landu nahi duen ekintzaileei zuzendutakoa, eta bestetik, proiektu bat martxan jartzeko Bideragarritasun Plana eginda duenari bideratutakoa. Urola Erdiaren kasuan, aurreneko lerrotik  lau ideia lagunduko dituzte bakoitzari 1.500 euro emanda, eta bigarreneko lerroari dagozkion zazpi proiektu lagunduko dituzte; kasu honetan ere 1.500 euro emanez bakoitzari.

Berezitasunak eta epeak

Lagunduko dituzten lerroetako bakoitzak bere berezitasunak eta epeak ditu. Proiektuak edo ideia berriak sustatzeari dagokionean, langabezian egon beharko du aurkezten denak, eta aurretik autonomoen erregimen berezian alta emanda ezingo du egon. Horrez gain, Lanbidek baimendutako erakunde laguntzailearen batek enpresa idea bat garatzeko antolatzen duen aholkularitza eta laguntza prozesu batean parte hartuta egon beharko du. Kasu honetan, jasotako ideiak baloratu ondoren, aukeratutakoekin  tutoretza saioa egingo dute Iraurgi Berritzen-en, azaroaren 29an. Prozesua azaroaren 30an hasiko da eta hiru hilabete iraungo du. 1.500 euroko laguntza ordainketa bakarrean jasoko dute.

Enpresa jarduera berriak martxan jartzera bideratutako diru laguntza eskatzeko, onuradunek langabezian egon beharko dute, eta Lanbiden enplegu-eskatzaile bezala izena emanda. Kasu honetan, proiektuaren Bideragarritasun Plana eginda eduki behar dute. Hauek ere, Lanbidek baimendutako erakunde laguntzaileren batek enpresa ideia bat garatzeko antolatzen duen aholkularitza eta laguntza prozesu batean parte hartu beharko dute. Aurkezten dituztenak baloratu, eta lehen tutoretza azaroaren 29an izango dute, Iraurgi Berritzen-en. Segidan, azaroaren 30an hasiko dute proiektua, hiru hilabetez. Diru laguntza 1.500 eurokoa izango da, baina %50 prozesuaren hasieran jasoko dute, eta gainontzekoa prozesua bukatutakoan.
Diru laguntzetarako izena ostiralerako eman behar da, Iraurgi Berritzen-en. Ondoren, tutoretza saioak hasita diru laguntza eskaera egingo dute Azpeitiko Udalean, abenduaren 5a aurretik.

Enplegua sustatzeko besteak

Tokiko ekintzailetasuna sustatzeko diru laguntzak Azpeitiak martxan dituen enplegua sustatzeko beste laguntzekin "bateragarriak" direla ere azaldu dute Azpeitiko udaleko arduradunek. «Udalak Enplegua Sustatzeko Plana abian du, eta bereziki ekintzaileei laguntzeko lerroak ere martxan dira». Horren harira, Azpeitiko Udalak Sindikatu Zaharreko azkenengo solairuan duen Ekintzailetasun Zentroa ekarri du gogora Azpeitiko alkateak. "Zentro horretan ekintzaileek euren proiektuak aurrera ateratzeko laguntza eta azpiegiturak dituzte". Horrez gain, Iraurgi Berritzen-ek Azpeitian herritarrentzako orientazio zentroa abian jarriko duela gogorarazi du Etxeberriak.