"Aurrekontuen azken eurora arte" Azpeitian inbertitzea eskatu du EAJk, Udalbiltzari emandako laguntza salatuz

Udaleko jeltzaleen bozeramaile Aitor Gorrotxategirentzat "eskandalagarria" da Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrari 15.000 euro ematea, "Azpeitiak une hauetan bizi duen egoera mingarriaren aurrean".

Azpeitiko Udalak Udalbiltza diruz laguntzeko hitzarmena onartu zuen azaroaren 5eko Udalbatzarrean. Udal Gobernuan dagoen Bilduren aldeko botoekin eta oposizioan dauden EAJren eta Hamaikabaten kontrakoekin onartu zuten hitzarmena.

Udalbatzarrean ezezkoa arrazoitzeko emandako argudioetan sakonduz, EAJren udal ordezkariek oharra plazaratu dute. "Aurrekontuen azken eurora arte" Azpeitian inbertitzea eskatzen dute jeltzaleek eta kritika zuzena egin diote Udalak Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrari 15.000 euro emateari. EAJren udal bozeramaile Aitor Gorrotxategiren esanetan, "ez da bidezkoa azpeitiar guztien zerga eta tasen ordainketetatik datozen milaka euro" Udalbiltzara bideratzea, "udalgintzan oinarritzen den lehen euskal erakundea dela esanez, ezker abertzalearen orbitako hautetsiek osaturiko beste plataforma bat besterik ez denean".

Ildo berari jarraituz, Gorrotxategiri laguntza hori "eskandalagarria" iruditzen zaio, "Azpeitiak une hauetan bizi duen egoera mingarriaren aurrean, non familia asko aurkitzen diren ziurgabetasunean eta larrialdi ekonomikoan, lanpostuak galdu ondoren". Jeltzaleentzat, "lehentasunak garbi edukitzeko unea da eta hauek azpeitiarron ongizatea bermatzeko izan behar dute, udal aurrekontuak ahalbideratzen duten ahalmen ekonomiko guztiarekin".

"Ez da batere egokia -gaineratu du Gorrotxategik- esku batekin Eusko Jaurlaritzari udalentzako giza larrialdietarako diru publiko gehiago eskatzea, beste eskuarekin Oiartzunen egoitza duen Udalbiltzari 15.000 euro ematen dizkion bitartean", Bilduri zuzendutako kritikan.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide